Igartza dantzaz eta musikaz bete du dantzarien kofradiak
Igartzako Dantzarien Kofradiak 13. emanaldia egin du gaur eguerdian Beasainen, bertako kaleak eta Igartza Monumento Multzoko inguruak euskal dantzaz eta doinuz beteta. 110bat partaide izan dira guztira, tartean dantzari-konpartsa berri bat.
Beasaingo kaleak eta Igartzako Monumentu Multzoa dantzaz jantzi dituzte gaur eguerdian Igartzako Dantzarien Kofradiako dantzariek, duela 12 urte sortutako ohitura berrituz.
Dantzariak eta musikariak, 110 bat lagun guztira, Loinazko San Martin plazatik abiatu dira 12:00etan. Udaletxean bandera jaso eta gero, ordu erdiko bidea egin dute Beasaingo kaleetan zehar Igartzara iritsi aurretik. Han, beste dantza batzuen artean, ezpata-dantza egin dute zubi gainean, baita zumitz-dantza ere lehen aldiz, honako hau Zaldikoaren pertsonaiak aurkeztu duen dantzari konpartsaren eskutik. “Zaldikoak bere dantzari talde berezia aurkeztu digu, zumitz-dantza deitu diogun dantza berri hori egiteko. Zortzi zumitz-dantzariz osatutako taldeak hainbat ahalegin eta saio egin ditu Zaldikoa otzanduko duen otar-kaiola bat osatzen, eta zenbait irudi, joskura, txirikorda, lakio eta tranpa loratu ondoren, lortu dute halako batean Zaldiko iheskorra lotu eta sosegatzea”, azaldu du dantzarien ordezkari Izaskun Salazarrek. Matxinbentako Iñaki Agirrezabala zestagileak eskuratu dizkie zumitzak eta Jaione Barandiaran eta Arantxa Blancok prestatu dizkie jantzi berriak.
Koldo Bidekieta eta Mikel Sarriegi izan dira dantzarien segizioaren buruzagiak; Agurtzane Agirre, Zaldikoa; Mikel Insausti, Nerea Antxia, Oihane Sarriegi eta Uxue Sarriegi, kapitainak; eta Iker Ibañez eta Gaizka Santas, kapitain txikiak. Beste 80 ezpata luzeko dantzarik eta 8 zumitz-dantzarik osatu dute 100 lagun inguruko taldea.
Igartzako dantza saioa amaituta, partaide guztiek familia argazkia atera dute eta bazkarian elkartu dira gero, ohiko babarrun jana egiteko.
Aurtengo bazkal ondorengo erromeriari formatua aldatu diote eta Izer eta Alabier trikitilariek lagunduta ibiliko dira dantzariak arratsalde pasa Igartza auzoan zehar.