Tokiko altxorrari gorazarre
Azoka berezia eta 46. Gazta Txapelketa egingo dituzte bihar Ordiziako Euskal Jaien barruan. Jon Etxeberria zeanuriarrak Urrezko Kutxa garaikurra irabazteko aukerak ditu.
Euskal Jaiak ospatzen ari dira Ordizian. Pasa den larunbatean hasi ziren Emaneurre Euskareri egunarekin eta datorren igandera arte, irailak 15, egitarau bete-betea izango dute. Euskal Jaien ekuadorrean, aparteko azoka eta 46. Gazta Txapelketa egingo dituzte bihar, asteazkenarekin batera, ordiziar askorentzat, urteko egun garrantzitsuenetakoa dena. Gipuzkoako Foru Aldundian eman zituzten biharko egunak ekarriko duenaren xehetasun guztiak, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Garapeneko Diputatuak, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordeak, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Miriam Molina Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerenteak eta Garbiñe Etxezarreta, Kutxa Ekoguneko zuzendariak.
Lehen sektorearekiko «konpromiso osoa» berretsi zuen Lasak prentsaurrean, eta konpromiso hori «elkarlanean oinarritzen» dela erantsi zuen. Ordizian, biharko egunez bisitariek ikusi ahalko duten guztiaren atzean dagoen jarduna goraipatu zuen, lehenengo sektoreak egiten duen ekarpena «kopuru ekonomikoetara bakarrik mugatu ezin» dela nabarmenduz, «zerbait gehiago baita». Azkenik, bisitariei eta kontsumitzaileei dei egin zien bihar Ordiziara gerturatzeko eta bertan, tokiko produktuak erosteko. Izan ere, «denok dugu geurea mantentzeko konpromisoa», erosketak egitearakoan «zer nolako herria nahi dugun erabakitzen baitugu».
Euskal Jaietan ikusmira handiena sortzen dituzten ekitaldiak aparteko azoka, gazta txapelketa eta enkantea badira ere, aste osoan zehar antolatu dituzten bestelako ekintzei ere azpimarra egin zien Ordiziako alkateak, «Euskal Jaietan gure sustraiak aldarrikatzeko eta euskal kultura zabaltzeko ere badirelako».
Bestalde, gazta txapelketaren ondoren, gazta irabazlearen erdia eskuratzeko egin ohi den enkantean eskuratutako dirua, San Jose egoitzara bideratzen jarraituko dutela argitu zuen, nahiz eta «gaur egun egoitza Foru Aldundiaren esku dagoen. udaletik nahi dugu San Joseko egoiliarren bizi kalitatea hobetzeko ekintzak sustatu, eta horretara bideratuko» dute dirua. «Bakardadea izan ohi da egoiliarren arazo larrienetakoa, eta eguneko orduak betezea oso garrantzitsutzat» jo du udalak.
Gazta txapelketako sari nagusia Kutxa Fundazioaren eskutik joango da beste behin ere, 1964. urteaz geroztik egin duten moduan. Fundazioko ordezkariak gogoratu zuen, «aurten Urrezko Kutxa Garaikurra emateko aukera» dagoela, «hirugarren aldiz». Garaikur hori, azken 10 urteetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz irabazi duen gaztagile batek eraman dezake. Orain arte, Elgoibarko Jesus Mari Ansolak (2009an) eta Ricardo Remirok (2013an) eraman dute. Aurtengoan Jon Etxeberria zeanuritarra da aukera duen bakarra, 2012an eta 2015ean lehengo postuan geratu ondoren.
Produkzioa gora
Idiazabal gaztaren 2019ko kanpainako ekoizpen kopuruen aurreikuspenak eman zituen Molinak. «Aurtengoan, %2ko igoera» izango da 2018ko datuekin aldaratuta eta «1.385.000 kilo gazta produzitzea da aurreikuspena». Datuok modu «positiboan» baloratu zituen. 2008an, krisialdiarekin batera beherakada jasan ondoren, «ekoizpenak gora egin du eta azken hiru urteetan egonkortzea lortu dugu». Iaztik nabaritu den igoeran, «klimatologia aldeko» izanak ere lagundu duela argitu zuen. Gaztandegiei dagokienez, «iazko kopurua mantendu egin da, 122 daude izendapenaren barruan».
Idiazabal gaztaren atzean dagoena, «balioan jartzeak eta kontsumitzaileari transmititzeak duen garrantzia» nabarmendu zuen Orozek. «Kontsumo arduratsua» egiteko dei egin zien herritarrei, «gazta bat erosteak ez du bakarrik esan nahi kalitate goreneko produktua erosten ari dela, baizik eta horren atzetik dagoenari babesa emateko modua ere bada».
Giza katea
Bestalde, presoen aldeko ekitaldia antolatu dute biharko Ordizian. 12:00etan hasita, giza katea egingo dute udaletxeko arkupeetan.
Euskal Jaiak
Gaur, asteartea
· 17:30. XXIX. Gastronomia Topaketa-Belaunaldien arteko IV. Sukaldaritza Txapelketa eta Goierriko Odolki Onenaren XXV. Dastaketa. eta Lehiaketa, Plaza Nagusian.
· 19:00. Ardo eta sagardo postuen irekiera Zuhaiztian.
· 19:30. Burrunbazale txaranga kalez kale..Bihar, asteazkena
· 09:00. Ordiziako txistularien eta trikitilarien, Tolosako dultzaineroen eta Zumarragako trikitilarien goiz eresia.
· 09:15. Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideen eta artzainen desfilea, gazta lehiaketan parte hartuko duten gaztak Beti Alai pilotalekura eramateko. D’elikatuz zentrotik abiatuz.
· 10:00. Gazta, ganadu, lumagorri, fruta, barazki eta perretxikoen erakusketa eta lehiaketa.
· 11:00-14:00. Euskal Photocall-a Foru pasealekuan.
· 12:00. Fruta, barazki, perretxiko eta lumagorri lehiaketen sari banaketa.
· 13:00. Ganadu lehiaketaren sari banaketa, Garagartza plazan. Segidan, bertsolari, dultzainero eta trekitilarien saioak.
· 13:30. Gazta lehiaketaren sari banaketa Beti Alai pilotalekuan.
· 17:30. Profesionalen arteko pilota partidak:
· Alberdi-Aretxabaleta/Agirre-Aranguren.
· Irribarria-Mariezkurrena/Olaizola II.a-Albisu.
· 19:30. Herri kirolen jaialdia Jose Migel Barandiaran plazan.
· 20:00. Erromeria Muxutruk taldearekin, Plaza Nagusian.