Odolki lehiaketa eta Gastronomia Topaketa egingo dituzte Euskal Jaien barruan asteartean
Plaza Nagusian izango da hitzordua 17:30etik aurrera.
Gastronomiaren bueltan joango da bihar arratsaldea Ordizian, Euskal Jaien barruan. Bi lehiaketa egingo dituzte, batetik, Goierriko Odolki Onenaren 25. dastaketa eta lehiaketa 17:30ean hasiko dena. Bestetik, eta ordu berean hasita, 29. Gastronomia Topaketa eta 4. Belaunaldien Arteko Sukaldaritza Txapelketa ere egingo dute. Bigarrena, Ordiziako elkarteen artean jokatzen zen lehen baina 2016az geroztik ekimenaren babesleen artekoa da. Hori horrela, ekimenaren babesleak direnen ordezkaritzan, bikote banak parte hartu ahalko du. Gainera, Hiri hezitzailea programaren barruan antolatuta ekimena ere bada honakoa, izan ere, gastronomia lehiaketa soil bat baino harago eramateko erabakia hartu zuten Larrun Harriko kideek. Horregatik, azken urteetan sukaldaritza ohiturak, kultura eta jakituria trasmititzeko topaketa bihurtu zuten lehen elkarteen arteko lehiaketa baino ez zena. Hori horrela izanda, parte hartzen duten bikoteak belaunaldi desberdinetako pertsonek osatzea eskatzen dute, eta batek 10 eta 18 urte bitartekoa izan beharko du.
Bestalde, Zuhaiztian kokatuta dauden ardo eta sagardo postuak irekiko dituzte 19:00etan. Kaleak girotzen, Burrunbazale txaranga ibiliko da, 19:30etik aurrera.