Sagardoari ere egingo diote tokia Ordiziako Euskal Jaiek larunbatean
Zuhaiztian egingo dute Ordiziako Sagardo Eguna eta 12 sagardo egongo dira aukeran. Tximistak eta Oihartek Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoian parte hartuko dute irailean
Ordiziko Euskal Jaiek txoko berezia gordeko diote sagardoari. Larunbatean, irailak 14, Sagardo Eguna egingo dute. Bertan izango da Sagardoa Route ere, sagardogileez lagunduta.
Euskal Jaien ekitaldi egitarau zabalak sagardozaleei ere tartea eskainiko die. Zuhaiztia izango da topagunea, larunbatean 19:00ak eta 21:00ak bitartean. Sagardozaleen Elkarteko 12 sagardotegik parte hartuko dute, horietako lau Goierrikoak dira. 4 euroan 10 sagardo dastatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek: Tximista (Ordizia), Petritegi (Astigarraga), Astarbe (Astigarraga), Aburuza (Aduna), Iparragirre (Hernani), Oiharte (Zerain), Urdaira (Usurbil), Lizeaga (Donostia), Zabala (Aduna), Olagi (Altzaga) eta Urbitarte (Ataun).
Sagardogileek herritarrekin topa eginez argazkia aterako da 20:00etan. Sagardotegiko garai bateko giroa gogoraraziz, bolatokia ere jarriko dute Gipuzkoako Bola eta Toka federazioaren laguntzarekin.
Informazio puntua
Sagardoa dastatzeaz gain, Sagardo Routek informazio puntu bat ere jarriko du. Sagardoa dastatzeko txartela eskuratu ahalko den postu berean izango da. Sagardoaren sektorearen inguruko informazio puntuan turismo eskaintzen, ibilbideen, otorduen eta ekitaldien inguruko xehetasun guztiak emateko egongo dira.
Euskal Herriko txapelketa
Bestalde, Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiak bosgarren edizioa ospatuko du irailean. Txapelketan, ohitura zaharrari jarraipena emanez eta garai batean bezala, sagardo onenak herritarrei dastatzera eman eta haiek izango dira txapelduna aukeratzeko ardura izango dutenak. Beraz, aurreko urteetan egin duten moduan, nahi duen orori, 43 sagardo dastatu eta puntuatzeko aukera emango dio txapelketak. Dena den, ez dituzte guztiak batera dastatuko, lau herritan kanporaketak egingo baitituzte: Adunan irailaren 13an, Lizartzan irailaren 14an, Orion irailaren 20an eta Zornotzan irailaren 28an. Kanporaketa bakoitzean 10-11 sagardo dastatutako dituzte.
Guztien artean 12 izango dira Ergobiako plazan (Astigarraga) irailaren 28an, larunbata, 20:00etan egingo den finalera pasako diren sagardoak. Bertan, 300 lagunek erabakiko dute kata itsuan zein izango den 2019ko sagardo txapelduna.
Txapelketan izango diren 43 sagardoen artean, bi Goierrikoak dira, Zeraingo Oiharte eta Ordiziako Tximista sagardotegiak.