Musika eta letrak itzaliko ez den argiarentzat
Idurre Aldabaldetrekuren omenez, eta haren familiari eskainita, diskoa grabatu dute Legazpin. Kantak, bertsoak eta doinuak betiko jaso dituzte familiari aldean daudela eta ez direla ahaztuko adierazteko.
Denboraren neurria denontzako berbera dela dirudien arren, Idurre Aldabaldetrekuren familiarentzat denbora bestela iragan dela dio Xegun Altolagirre haren omenezko diskoaren bultzatzaileak. Gabonetan bi urte beteko dira tren istripuak eraman zuenetik. «Familiarentzat ordutik denbora nekez pasa da eta beldur ziren jendeak ez ote zuen Idurre ahaztuko. Diskoak ahaztu ez dugunaren froga izateko xedea du», azaldu du. Joxe Arizkorreta izan da diskoaren beste motorra, «Idurreren omenez egin dugu eta familiari erakusteko hau barru-barrutik atera zaigula eta beraientzat dela, betiko».
Idurre Aldabaldetrekuren omenezko ekitaldia egin zuten haren heriotzaren ondoren, «bi egunetan antolatu genuen arren, bi aldiz prestatu beharko bagenu ez litzateke hain txukun aterako», dio Altolagirrek. Kantak, testuak, bertsoak sortu zituzten joandako argi izpia itzalezina izango zela adierazteko. Arizkorretaren hitzetan, «oso modu naturalean atera zen eta ekitaldia oinarri sendoa zen diskoa ontzeko».
Familia jakitun izan da, «asmoa ona zela eta laguntzeko besterik ez zela argi ikusi dute», esan du Altolagirrek eta Arizkorretak erantsi du, «ale bakarra atera genuen, familiari emateko, eta hor bukatzekoak ginen. Gero, ingurukoek, parte hartzaileek, lagunarteek eskatu digute eta, familiari baimena eskatu ondoren, diskoa eskatu dutenen artean zabaltzen ari gara». Diskoaren banaketak utziko duen diru apurra Bidegin elkarteari emango diote; doluan laguntzen duen elkartea da. Senideentzat sortutako alea bakarra da, liburu-CDa baita; Elena Aseginolazak egin zuen diseinua. Pertsona eta talde askok egin dute lan diskoan eta den-denak guztia emateko prest agertu dira.
Senideen esker ona
Altolagirreren bitartez esker ona agertu nahi du Idurreren familiak, «oso babestuta egon direnaren sentipena dute. Asko sufritu dute, baina babes handia jaso dutela diote eta diskoa horren isla da. Parte hartu duten guzti-guztiei egindakoa eskertu nahi diete».
Arizkorretak eta Altolagirrek diskoarekin asmatu dutela sentitzen dute. Zoritxarrak ezti tanta bat beharrezkoa duela irakurria du Altolagirrek, eta diskoak horixe izan nahi du senideentzat, ezti tanta bat.
Parte hartzaileak
Musikariak:
· Xabier Aldai (oboea)
· Edurne Berasategi (eskusoinua)
· Iñigo Caballero (gitarrak eta baxua)
· Noel Calvo (saxoak)
· Iñaki Ormazabal (bateria)
· Ander Martinez (pianoa)Ahotsak:
· Mikele Arizkorreta
· Maria Redondo
· Ane Beloki
· Jone Narbaiza
· Lierni Ugarte
· Maria Bereziartu
· Judit Velasco
· Ibon Gurrutxaga
· Juanra Gerriko
· Xegun Altolagirre
· Leire Mendiola
· Oihane Auzmendi
· Eneko Solana
· Joxe ArizkorretaGrabaketa:
· Iker Otegi (Subeltza elkartea).