Zerain, ekologikoaren plaza
Eguraldiak ere bat egin nahi izan du Azoka Ekologikoaren 25. urteurrenarekin. Jendetza elkartu da Zerainen, eredu ekologikoa aldarrikatu eta kontsumitzeko.
Nekazaritza ekologikoari gorazarre egin diote ekoizleek eta kontsumitzaileek 25. urtez Zeraingo plazan, lurraren orekarekin, baserritarren etorkizuna eta kontsumitzaileen osasuna bermatzen direla aldarrikatuz. Zeraingo herriaren eta Biolur elkartearen arteko 25 urteko elkarlana eta harremana osasuntsu dagoela ikusi da beste urte betez.
Amaia Junquera Zeraingo alkatearen esanetan, «goizean behintzat eguraldiak errespetatu zuen eta oso pozik gaude». 25. urteurrena ospatzeko egin dituzten oihal ekologikoko poltsek ere arrakasta izan zutela gaineratu du: «Gustura hartu zituen jendeak». Hala ere, hainbat arazo tarteko, ezin izan zuten ardo ekologikoaren dastaketarik egin. Kontsumitzaileak gustura, eta ekoizleak ere bai, salmentak «ondo joan» baitziren igandean Zerainen. Eredu ekologikoan ekoitzitako eskaintza gero eta handiagoa dela erakutsi zuten Zerainen, 30 postutik gora izan baitziren. Zerain bertako produktuak ere salgai izan ziren.
Ostegunean, Aleka
Igandeko azoka ekologikoan Aleka proiektua aurkeztu zuten, tomate dastaketarekin batera. Hala ere, Goierriko Jardunaldi Ekologikoaren barruan, ostegunean, 19:00etan, Zeraingo kultur etxean, sakonago azalduko dute Aleka egitasmo berriaren egitekoak eta helburuak: «Nekazari, teknikari eta ikertzaile talde batek bultzatzen duen proiektua da. Multinazional handien alternatiba gisa jaio da Aleka, Euskal Herriko hazi ekologikoen ekoizle sarea».













