Ijitoaren jaitsierarako bi egun
Ostiraletik igandera ospatuko dituzte Itsasondoko festak, nahiz eta ostegunerako ere antolatu dituzten ekitaldiak. Guraso Elkartekoak izango dira aurtengo pregoilariak
Itsasondoarrak atzerako kontaketa egiten ari dira herriko festei hasiera emateko. Ofizialki ostiral arratsaldean hasiko badira ere, bihar, osteguna, izango dituzte lehen ekitaldiak.
Lorategi mikologikoaren landaketa tailerra egingo dute bihar goizean. Itsasondoko Udala perretxikoak berreskuratzeko garatzen ari den proiektuaren barruan antolatutako ekintza da. Perretxiko esporak dituzten enborrak landatuko dituzte, Kaxintane ondoko parkean.
Festen hasierako pregoia Guraso Elkarteak esango du, ostiralean 18:30ean, eta jarraian, Ijitoaren jetsiera egingo dute udaletxeko balkoitik. Behin festak hasita, Batukaleroek girotuko dute arratsaldea.
Ostiralean egingo duten herri afarirako, beste behin ere sentsibilitate desberdinak kontuan hartu dituzte. Bi menu egongo dira, orojaleentzat bata eta begetarianoentzat bestea. Prezioan ere kontuan hartu dituzte ikasleak eta langabetuak. Haientzako txartel berezia dago.
Gauean, Huntza talde ezagunak kontzertua egingo du plazan. 23:45ean hasiko da. Gainera, autobus zerbitzua ere antolatu dute Beasaindik. 23:00etan geltokitik aterako da, Ordiziako geltokitik ere pasako da 23:10 aldera eta handik Itsasondora joango da. Bueltarako ere egongo da zerbitzua. 02:00etan abiatuko da eta Ordiziatik pasako da Beasainera joan aurretik.
Artisten eguna
Larunbateko egitarauari begiratuz gero, egun handi bat izango da herritarrentzat. Nabarmentzeko da paella jana egingo dutela. Txartelak erosteko azken eguna gaur da. Lurdes janari dendan eta Kaxintanen eros daitezke. Bazkal ondoren, Andoni Ollokiegi bakarlariak emanaldia egingo du, arratsaldea girotze aldera. Otorduondoa luzatu egingo da seguru, baina izango daaitzkiarik mahaitik altxatzeko, izan ere, herriko artistek prestatu dutena ikusteko ordua izango da. Pilotalekuko taulatua galaz jantziko da, herritarrek herriarentzat sortutako ikuskizunarentzat. Ondoren, mozorro festaren sari banaketa egingo dute. Saritua izateko, mozorroaz gain, eguerditik mozorrotuta ateratzea ere baloratuko dute.
Eguna bukatzeko, denboraren makinan atzera egitera gonbidatzen ditu herritar guztiak DJ Jondik. 1980. hamarkadako musikarekin guatekea egingo du.
Festen azkena
Igandea izango da festen azkena. Haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte goizean eta arratsaldean, Beiti kalean. 18:30ean, buruhandiak aterako dira. Ondoren egingo dute festa amaierako ekitaldia, eta Ijitoak datorren urterarte esango die agur itsasondoarrei. Baina festa ez da amaituko, 20:00etan, sagardo dastaketa egongo baita. Sagardozaleen Elkarteko hainbat sagardotegik parte hartuko dute. 2,50 euroren truke sagardo basoa eta hiru pintxo jan ahalko dira. Horrekin amaituko dituzte aurtengo festak.
EGITARAUA
Bihar, osteguna
· 10:30. Jardin mikologikoaren landaketa tailerra, Kaxintane ondoko parkean, herritar guztientzat.
· 17:00. Haur eta jubilatuen arteko mahai jolasak eta askaria, Bizi Nahi elkartean.Etzi, ostirala
· 16:00. Zinta lasterketa eta merendola.
· 17:00. Trakamatraka
· 18:30. Jai hasierako pregoia eta ijitoaren jaitsiera udaletxeko balkoitik. Ondoren, Batukaleroak kalez kale.
· 21:00. Herri afaria.
· 23:45. Huntza taldearen kontzertua
· 01:30. DJ Jotatxo.Larunbata, 21
· 09:00. Goiz eresia herriko txistulariekin.
· 13:00. Betiko igoera.
· 14:30. Paella jana eta Andoni Ollokiegiren emanaldia..
· 19:00. Talent show.
· 20:30. Hanburgesa jana
· 22:30. 1980. hamarkadako guatekea DJ Jondirekin..
· 16:00. Zinta lasterketa eta merendola.Igandea, 22
· 09:00. Goiz eresia, herriko txistulariekin.
· 10:00. Puzgarriak, Beiti kalean.
· 12:00. Hamaiketakoa, plazan.
· 16:00. Puzgarriak, Beiti kalean.
· 18:30. Buruhandiak. Ondoren, festa amaierako pregoia eta ijitoaren igoera.
· 20:00. Sagardo dastaketa.