«Koloneko minbiziak eragindako heriotzak asko jaitsi dira 2011tik»
Beasaingo Osasun Zentroan martxan jarri dituzten programen inguruan hitz egin du Justo Mujika mediku buruak. Besteak beste, 50-69 urte bitartekoen artean koloneko eta ondesteko minbizia prebenitzeko kanpaina egiten ari dira.
Irailarekin batera, Beasaingo Osasun Zentroan hainbat programa jarri dituzte martxan. Haien inguruan hitz egin du Justo Mujika mediku buruak.
Koloneko minbiziaren prebentziorako kanpaina hasi duzue.
Ziklikoa izaten da kanpaina, bi urteka egiten dugu. 50 eta 69 urte bitartekoek datozen egunetan gutuna jasoko dute kanpainaren berri emanez eta proba egiteko kita etxera iritsiko zaiela esanez. Osasun zentrora eraman behar da ontzia, laginak aztertzeko. Ez dago hitzordua hartu beharrik. Abendura bitartean luzatuko da. Emaitza onak ematen ari den kanpaina da, herritarren parte hartze handiarekin, Europa mailako inbidia gara.
Zergatik da garrantzitsua?
Osasun aldetik oso emaitza onak jasotzen ari dira. 2011n egin zen lehenengo aldiz kanpaina, eta Gipuzkoan koloneko minbiziak eragindako heriotza asko jaitsi da: %28 gizonezkoetan, eta %20 emakumezkoetan. Horregatik da garrantzitsua prebentzioa. Probaren emaitza positiboa baldin bada, kolonoskopia egingo genuke, kaketan ezkutatuta azaldu den odol horrek garrantzirik duen ala ez ikusteko. Batzuetan ez dago arazorik, baina beste kasu batzuetan gerta daiteke lesioren bat egotea eta denborak aurrera joan ahala agian txarra izatea.
Goierriko enpresa handiekin ariko zarete lanean aurten.
Programa gutxien erabiltzen dutenak 50-55 urte arteko gizonezkoak dira. Ez dago oso argi zergatik den, toki guztietan berdina gertatzen baita. Horretarako, aurten, Goierriko hainbat enpresakin harremanetan jarri gara CAFen, Irizarren, Ampon eta Orklin kanpaina zabal dezaten.
Bestalde, erretzeari uzteko laguntza indartuko duzue.
Tabakoarena, beti mahaiaren gainean dagoen gaia da. Tabakoa erretzearen ohitura kentzeko lanean ari gara, eta hilean behineko kontsulta pertsonalizatua jarri dugu berriro martxan. Hitzordua hartu behar da. Taldekako tailerrak ere baditugu.
Tabakoa txarra da, ez dago zalantzarik.
Txar-txarra. Ikerketek diotenez, tabako elektronikoa ere kalteak eragiten ari da, bai nikotinagatik eta bai erabiltzeko moduagatik. Biriketako ehunak kaltetzen ditu. Kezka handia sortzen ari den gaia da, eta dirudienez Tabakoaren Legeak tabako elektronikoa debekatzeko eta ez erabiltzeko agindua emango du. Tabako elektronikoa tabakoa uzteko etorri zen, baina ikusi da ez dela metodo egokia.
Ez da erraza erretzen uztea.
Tabakoa uzteak bizimodu bat aldatzea eta beste era bat ikastea dakar. Beste ohitura batzuk hartu behar ditu, eta ordura arte emaitza «atseginak» eman dizkionak utzi. Kontsultan eta tailerretan erretzeari uzteko estrategiak eta tresnak emango dizkiogu erretzaileari. Harrigarria da erretzeari utzitakoan osasunean izaten den onura, batez ere arazoren bat dagoenean.
Jarduera fisikorik ez egitea, erretzea bezain kaltegarria izan daiteke.
Oso garrantzitsua da ariketa fisikoa egitea. Ikerketa guztiek diote aktibitate fisikoak bizitza kalitatea hobetzen laguntzen duela, ia gaixotasun guztiei aurre egiten laguntzen duela; minbizitik hasi eta prozesu kronikoetaraino. Emaitzak harrigarriak dira, eta minbiziaren kasuan ere bai.
Astelehenetan kontsulta berezia duzue anbulatorioan.
Bai, 10:00etatik 12:00etara. Zuzenean joan daiteke kontsultara edo medikuak bidalita; elkarlanean aritzen gara Axier teknikaria eta medikuok, eta jarraipena egiten diogu. Medikuok pauta batzuk eman, eta Asierrek baloratu eta orientatu, herrian dauden baliabideak azaltzen dizkie kontsultara joaten direnei. Bestalde, urrian hasiko gara muga fisikoren bat dutenekin, astean behingo ariketa fisikoen tailerrekin, ariketa horiek gero etxean egin ditzaten ikasteko.
Adin guztietan egin beharrekoa da.
Adineko pertsonentzat garrantzitsua da, baina lanean dabiltzanek, daukagun estres mailarekin, eguneroko agendan sartu beharko genuke ariketa fisikoa egiteko tartea. Egunerokotasunean aukera badugu gehiago mugitzeko: eskailerak oinez igotzea, herrian ibiltzeko autorik ez hartzea… Horrezaz gain, egokia litzateke astean bi-hiru aldiz jarduera fisiko bat planteatzea.
Azkenik, Interneteko Osasun Karpeta erabiltzen irakatsi nahi diezue herritarrei.
Aukera asko eskaintzen ditu Osakidetzaren aplikazio berriak: mediku txostenak ikusi eta deskargatu (ospitaleratzea, erradiologia, analisiak, zitologia…), sintronaren dosifikazio orria kontsultatu, hitzordua eskatu, historia klinikoa ikusi…