Skate parkea kendu eta pump track gunea egingo dute Igartza kirol eremuan
Bizikleta, skate edo irristatzen den edozein gailurekin ibiltzeko pista egingo dute. Bihurguneak, maldak eta trabak izango ditu. Haurrentzako eta helduentzako pista bana egingo dute
Igartza futbol zelaiaren atzeko eremua «berritu, osatu eta erabilera areagotzeko» helburuarekin, skate parkea kendu eta pump track pista berria eraikitzen hasi dira. 1.300 metro koadroko eremuan, bizikleta, skate edo irristatzen den edozein gailurekin ibiltzeko bihurguneak, maldak eta trabak izango dituen 1.000 metroko luzerako pista egingo dute.
Ezaugarri horietako Gipuzkoako lehen pista izango da eta udalaren esanetan, «orain arteko erabilera eskasa ikusita, hauxe indartzeko helburua du udalak eta erreferentziazko toki bihurtu nahi da gurpilen gainean ibiltzen diren gailuentzat».
Pump track eremu berrian, «adin mugarik ez da egongo erabiltzaileentzat» eta bi pista ezberdin egingo dituzte: motza haurrentzat eta luzeagoa gazte eta helduentzat. Kaskoa eta babesak eramatea beharrezkoa izango da, eta haurrak, helduek lagunduta ibili beharko dira. Motorra duten gailuak debekatuta egongo dira, baita bertan oinez ibiltzea, animaliak sartzea edo kontrako norabidean ibiltzea ere. Pumptrack Park S.L.U. enpresak egingo ditu lanak, 97.936,92 euroan. «Prezioaren barruan proiektua eta lanen egikaritzea daude». Irail hasieran hasi zituzten lanak, «eguraldia lagun, hiru asteko iraupena izatea espero da».