Adinekoentzako dantzaldia egingo dute bihar Erauskin plazan
Hilean behin egitea da udalaren asmoa. Erauskin plazan bilduko dira, 18:00etatik 20:00etara. Francisca Palacios eta Alejandro Gallardo omendu dituzte adinekoen egunean.
Beasaingo adineko pertsonek plan berezia izango dute hilean behin, bihar hasita: Erauskin Plazan dantzaldia izango dute Gauargi taldearekin, 18:00etatik 20:00etara. Plaza berria dinamizatzea da helburua.
Bestalde, Beasaingo 65 urtetik gorako herritarrek egun handia izan zuten atzo, Adineko Pertsonen Eguna ospatu baitzuten. 465 lagun elkartu ziren Lierniko Mujika jatetxeko bazkarian. Omenaldien tartean, bazkarian parte hartutakoen artean urte gehien zituzten Francisca Palacios (1927-12-02) eta Alejandro Gallardo (1928-03-27) omendu zituzten. Beste omenaldi berezi bat ere izan zen: 100 urte dituen Goia Migueli egindakoa. Era berean, joko lehiaketako sariak ere banatu zituzten: tutean, Francisco Alcalde eta Santos Marcos izan ziren irabazle; briskan, Maria Jesus Martinez eta Luis Campello; tokan Santiago Barrero; igel jokoan Antonio Muñoz; eta letreatzean: Eufemi Iurrita.