Irribarriak urriaren 4an ekingo dio Lau t'erdikoari
Aramarrak final zortzirenetan hasiko du txapelketa, Zallan. Victor errioxarra izango du aurkari; irabaziz gero, final laurdenetako ligaxkarako sailkatuko da.
Urriaren 4an hasiko da 2019ko Lau t’erdiko Txapelketa, eta Iker Irribarria aramarrak aurreneko jardunaldian ekingo dio lehiari. Victor errioxarra izango du aurkari, Zallan jokatuko den final zortzirenetako partidan. Irabaziz gero, final laurdenetako ligaxkan (urriak 13, 20 eta 27) sartuko litzateke, Altuna III.arekin, Urrutikoetxearekin, eta Bakaikoa-Jaka partidako irabazlearekin batera. Finalerdiak azaroaren 2 eta 3an jokatuko dituzte, eta finala, azaroaren 17an, Iruñean.
Gaztetuta dator aurten Lau t’erdikoa, bataz besteko 25,4 urteko adina baitute pilotariek. Izan ere, Aspe eta Baiko enpresek pilotari gazteen aldeko apustua egin dute aurten. Hutsunerik nabarmenena, Aimar Olaizolarena izango da.