Urriaren 18ra arte luzatuko da erresidentzietako langileen greba egutegia
Hitzarmenaren negozioazioa blokeatuta dago duela bi urtetik eta mobilizazioekin jarraituko dute. Gaur, bihar eta etzi, Donostian mobilizatuko dira Zinemaldia egiten ari direla aprobetxatuz
ELAk iragarri duen hilabete bateko greba egutegia hilaren 19an hasi dute Gipuzkoako zahar egoitzetan, eta aste honetarako hainbat ekintza antolatu dituzte. Atzo, Ordiziako Plaza Nagusian elkarretaratzea egin zuten, Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu lemapean.
Hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dago duela bi urtetik. Hori horrela, urriaren 18ra arte ELAk iragarritako 30 eguneko grebaldia egingo dute. Pasa den ostegunean, Donostian manifestazioa egin zuten, hurrengo hilabetean egingo dituzten mobilizazioei hasiera emateko.Billabonan ere erresidentzietako langileen «arazoa» gizarteratu dute azken egunetan. Atzo, Ordizia izan zen elkargunea eta hurrengo hiru egunetan Donostian mobilizatuko dira, Zinemaldia egiten ari direla aprobetxatuz.
Gaur asteazkena, bihar osteguna eta etzi ostirala, beraz, «Zinemaldi alternatiboa» egingo dute. Kursaalaren ondoan karpa bat jartzea zen ELA sindikatuaren asmoa. Baina salatu dutenez, «uztailetik eskaera eginda izan eta gero, karpa Saguesen jartzeko baimena» eman diete. Erdigunetik «urruti» dela iritzi dute ELAko ordezkariek, «Donostiako Udala oso gaizki portatu da».
Egitarauari dagokionez, manifestazioa egingo dute Kursaaletik abiatuta, 11:30ean. Antolatu dituzten gainontzeko ekintzak, bideo emanaldiak, solasal- diak, zunba saioa, erromeria, bazkari herrikoia eta karaoke erraldoia dira, besteak beste.
Hilabeteko greba hau bukatzean, guztira 188 greba egun beteko dituzte Gipuzkoako erresidentzietako langileek.