Eraikin osasuntsuak helburu dituen artea
Eraikin berri bat egiteko orduan edo etxebizitza zahar bat berritzean, bioeraikuntza sistema baliantzen dutenek, aukera egiten dute bizilekua ere eraikuntza arduratsu eta osasuntsua izateko. Oreka Arkitektura 2006tik ari da horretan.
Modu osasungarri eta adeitsuan eraikitzeko artea da bioeraikuntza, naturarekiko eta pertsonekiko begirunea bilatzen duen eraikuntza sistema. Gero eta gehiago dira, elikadurarekin gertatzen den bezalatsu, eraikuntza moduarekin eta erabilitako materialekin kezkatuta, eraikin osasungarri eta arduratsuak nahi dituzten herritarrak.
Oreka Arkitektura 2006an sortu zuten, Donostian, Ekaitz Uribe Rus, Nagore Tolosa Irazusta eta Amaia Agiriano Arrese arkitektoek. 2005ean Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan ikasketak amaitu eta hainbat arkitektura bulegotan lan egin ondoren, bioeraikuntzaren ibilbidean elkarrekin abiatzea erabaki zuten; jakitun baitira eraikuntzak “inpaktu izugarria” sortzen duela ingurumenean. Nagore Tolosaren esanetan, “eraikinak ingurua errespetatu behar du, eta bertan bizi direnentzat toki erosoa eta osasungarria izan”. Hori guztia lortzeko, energetikoki eraginkorrak izatea, barruko espazioko airearen kalitatea zaintzea eta aztarna ekologikoa ahalik eta txikiena izatea bilatzen da bioeraikuntza sistemarekin.
Energetikoki eraginkorrak
Lehenengo helburua, energia gastuari dagokiona da: energetikoki eraginkorra izatea, ahalik eta kontsumorik gutxiena izatea. Horretarako, lehenik eta behin, etxea ondo isolatzea da gakoa. “Etxea diseinatzeko garaian bioklimatika kontzeptuak erabil daitezke, ondo-ondo isolatu eta eraikuntza xehetasunak oso zaindu. Horrekin bilatzen da aireztapen gurutzatu egokia egotea. Azkenean, bero galerak —eta horrekin, energia kontsumoa— ahalik eta gehien murriztea”.
Erabiltzaileen osasunari begira, barne espazioko airearen kalitatea zaintzea da bigarren helburua, “espazio erosoak eta osasuntsuak” sortuz. “Eraikina gure hirugarren azala da”. Horretarako, “kontu handia” izan beharko da gainestaldura eta pinturak aukeratzeko orduan. Beraz, toxiko kimikorik gabeko margoak eta gainestaldurak erabiltzen saiatzen dira: “Elikagaiekin bezala, ahalik eta material garbi eta sinpleenekin bermatzen baita barneko airearen kalitatea hobea izatea”.
Pareta eta zoru “beroak” lagungarri izaten dira barne espazio osasuntsu eta erosoan: “Ongizate termikoa ez da airearen tenperaturaren araberakoa bakarrik. Paretak hotzak baldin badaude, guri beroa kenduko digute. Paretak epel baldin badaude, erosotasun sentipena handiagoa izango da. Eta osasunerako ere hobea da”. Horrekin, gainera, airearen tenperatura baxuagoa izan daiteke, energia kontsumoa murriztuz. Paretek tenperatura egokia eta “konstantea” izan dezaten lortzea da gakoa, “hormak beroa gordetzeko gai diren materialekin eraikiz”.
“Eraikinak ingurumena errespetatu, eta bertan bizi direnentzako toki erosoa eta osasungarria izan behar du”
“Elikagaiekin bezala, ahalik eta material garbi eta sinpleenekin bermatzen da barneko airearen kalitatea hobea izatea”
Nagore Tolosa (Arkitektoa)
Aztarna ekologikoa
Horrekin guztiarekin batera, aztarna ekologikoa ahalik eta txikiena izan dadin saiatzen dira bioeraikuntzarekin. “Elikaduran bezala, beti saiatzen gara ahal den produktu naturalenak edo eraldatu gabekoenak, eta tokikoak, erabiltzen”. Eraikinaren “zati handienean” lor daiteke hori, zuraren laguntzarekin: “Aluminioa eta hormigoia ekoizteko sekulako energia erabiltzen da; beraz, gauza bera zurarekin egin badaiteke, zura erabiltzen dugu. Tokikoa izan daiteke zur hori, gainera. Gaur egun, egurra eta beste hainbat material oso-oso garatuta daude”. Zurarekin batera, lastoa, harria, adobea, buztina, lur egosia, zulatutako adreilua, adreilu trinkoa, zeramikazko blokea, kortxoa, zelulosa, igeltsua, karea, beira, linolioa… erabiltzen dituzte bioeraikinetan.
Prezioari dagokionez, gainera, “maila bereko eraikuntzekin” alderatzen bada, ez da garestiagoa. “Eraikuntza konbentzionalean maila desberdinak daude. Kalitate apalekoa dena merkeagoa da; kalitate handikoa bada, ez da garestiagoa”. Dena den, Tolosaren ustez, “garrantzitsua” dena lehenetsi behar da: “Isolamendu naturalari garrantzia eman eta beste gauza batzuetan umilago ibili; baldosa normalxeagoak ipiniz, adibidez”.
Zaharberritzeko orduan
Bioeraikuntza etxebizitza berriekin lotzen da sarritan, baina edozein etxe, bulego edo eraikinetan lor daitezke etxebizitza osasuntsuak eta arduratsuak, urrats txikiak eginez: “Gauza txikienetan ere egin daiteke bioeraikuntza”.
Leihoak aldatzean, zurezkoen aldeko hautua eginda. “Lehen, egurrak arazoak ematen zituen, baina gaur egun oso teknika garatuak erabiltzen dituzte. Egurra isolatzaile oso ona da; aluminioak energia asko kontsumitzen du bere ekoizpenean, eta PVCa ingurumenerako oso kaltegarria da”.
Zoruak zurezkoak edo zeramikazkoak izan daitezke, baita beste material naturaletakoak ere: igeltsua, buztina, eta abar. “Baina zurari gainean akrilikorik bota gabe; hori plastiko geruza bat botatzea baita, egurrak dituen ezaugarriak ezkutatuz”.
Berotze sistemaren kasuan, irradiatzaileen aukera lehenesten dute bioeraikuntzan: “Garrantzitsuena ahalik eta berogailu behar gutxiena izatea da. Behar denerako, hobea izaten da sistema irradiatzailea. Pareta irradiatzaileak ere badaude”.