Mutiloa eta Gabiria arteko bidea berritu dute
3,5 kilometroko zatian egin dituzte lanak. Markel Olano diputatu nagusia bi herrien arteko errepide zatian egindako lanak ikusten izan da goizean.
Mutiloako eta Gabiriako udalek, Foru Aldundiaren laguntzarekin, bi herrien arteko 3,5 kilometroko errepide zatia berritu dute. Markel Olano diputatu nagusia bertan izan da gaur goizean berritutako eremua ikusten, Mutiloako eta Gabiriako udal ordezkariekin batera.
Lanei dagokionean, bi eskoilera berri egin dituzte, errepideko gainazala berritu da bi tarteetan, firmean hobekuntzak egin dira, dreinatzea hobetu eta seinaleztapenak eta balizak jarritu dituzte. Lanek ia 220.000 euroko inbertsio izan du; 100.000 euroko laguntza jarri du aldundiak, eta gainerakoa bi udalen artean ordaindu dute.
Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duenez, “Gipuzkoan aspalditik eman izan diogu garrantzia handia lurralde oreka kontzeptuari. Landa Gipuzkoa programa jarri dugu martxan herri txikiei laguntzeko, dituzten lehentasunak aurrera ateratzeko. Garbi dagoena da herri txikiek ez dutela baliabide ekonomikorik hainbat obra aurrera ateratzeko, eta lurraldearen eta foru aldundiaren babesa behar dutela aurrera ateratzeko. Kasu honetan, Mutiloa eta Gabiria arteko errepide honetan ez geneukan ahalmenik, baina borondate politikoa zegoelako egin dugu aktuazio puntual bat, diru laguntza bat eskaini diegu bi herriei obra hau aurrera ateratzeko. Uste dugulako beharrezkoa dela eta onura ekarriko die bi herrietako herritarrei, baserritarrei eta auzokideei. Ekarpen garrantzitsua da”.
Era berean, garai bateko meatze eremua berreskuratzeko bi herriak egiten ari diren ahaleginean, “errepide txukun bat izatea funtsezkoa” dela uste du Olanok: “Gure nortasunaren elementu funtsezkoa da ondarea, gure industria erdi arotik datorrena, errepide hau txukun edukitzeak lagun dezake, ondare hori balioan jartzeko”.
“Egun garrantzitsua”
Iñaki Ugalde Mutiloako alkatea ere pozik agertu da Gabiria eta Mutiloa arteko errepide zatia berritu delako eta eskerrak eman dizkio foru aldundiari, Markel Olano ahaldun nagusia etorri delako: “Mutiloarentzat eta Gabiriarentzat egun garrantzitsua da. Bide hau aspalditik zegoen konpondu beharrean, azkenean lortu dugu aldundiaren laguntzarekin eta bi udalok jarri dugun ekarpenari esker, bide hau aurrera ateratzea”.
Ugaldek zehaztu duenez, “Gabiriaren kasuan, bi eskollera zeuden konpondu beharrean, eta Mutiloaren kasuan, zorua zen oso egoera txarrean zegoena. Urak bideratu eta arketak jarri dira, eta asfaltoa bota da. Bi herriontzako oso garrantzitsua izan da. Gabiriak eta Mutiloak baserri multzo garrantzitsuak dauzkate, baserriek irteera bezala erabiltzen dute eta hori garrantzitsua da. Horrekin batera, Gabiriak ere auzo bat badauka aldamenean, eta irteera ere bada, Zerain eta Legazpi, lotzeko balio du”.
Bestalde, “Mutiloaren kasuan meatzaritza ingurua da. Meatzaritzak bere egunean pisu handia izan zuen. Proiektu honen bitartez bideratu nahi izan dena da, ondare hori erakusteko lan bat egiten ari den neurrian, irisgarriago izatea. Egun garrantzitsua da bi herriontzat”.
Ugalderen ustez, “lehenengo urratsa” izan daiteke orain egin den obra: “Aukera izan daiteke, aurrera begira, herri desberdinak lotzeko bidea izanik, errepide zati hori ere, aldundiaren eskura pasatzea”.