Izagirre anaiak bikain Yorkshireko Munduko Txapelketan
Gorka Izagirre 9. sailkatu da eta Ion 16. postuan sartu da. Euriak eta hotzak baldintzatu dute txapelketa, eta abiatu ziren 197 txirrindularietatik 46k soilik osatu zuten ibilbide osoa.
Azken hamarkadetako Munduko Txirrindularitza Txapelketa gogorrenen artean gogoratua izango da Yorkshirekoa (Erresuma Batua). Eguraldi makurra izan zuten, euria goian-behean, eta hotza. Datu bat ematea besterik ez dago: abiatu ziren 197 txirrindularietatik 46k soilik osatu zuten ibilbide osoa, tartean Ormaiztegiko bi anaiek. Gorkak, zaharrenak, lehen hamarren artean sartzea lortu zuen (9.a izan zen, Mads Pedersen daniarrarengatik 1:10era), eta Ion 16. postuan sailkatu zen, irabazlearengatik 1:14ra. Balentria egin zuten. Espainiako selekzioaren elastikoarekin atera ziren zortzi txirrindularietatik hiruk bakarrik amaitu zuten. Hirugarrena Imanol Erbiti nafarra da (44.a, 14:48ra).
Proba bukatu eta berehala, honela hitz egin zuen Ion Izagirrek: “Lasterketa oso gogorra izan da euriarengantik eta hotzarengatik. Gorka ihesaldi onean sartzekotan egon da, eta egin dugunarekin gustura egon beharrean gaude”. Pozik, baino amorrazio pixka batekin mintzatu zen Gorka: “Baldintzak ikaragarria izan dira. Pena izan da eguraldia, ez zen guretza onena. Alejandrok ere [Valverde] lasterketa utzi behar izan du hotzarengatik. Amorru pixka bat badut, hanka aldetik ondo bainindoan, eta gutxi falta izan zait ihesaldi onean sartzeko. Hortxe ihes egin digu lasterketak, baina gustura gaude egin dugun lanarekin”.