Loinatz Musika Eskolak webgune berria behar berrietara egokitu du
Webgunea berritu eta erabiltzaileen beharretara egokitu du Loinatz Musika Eskolak. Epe motzean, sare sozialetan izateko asmoa ere agertu dute.
Ia bi urte eta erdi dira Beasaingo Udalak webgunea eraberritu zuela. Pixkanaka, Igartza Monumentu Multzoaren eta Udal Euskaltegiaren webgunea berritu dituzte, eta orain, Loinatz Musika Eskolaren atariaren txanda iritsi da. Udalaren webgunetik sar daiteke musika eskolarenera, Bizi ataletik. ACV enpresak egin ditu egokitzapenak eta egungo eskaerei eta beharrei erantzutea izan da lehentasuna eta helburua.
Era berean, herritarrengandik eta batez ere ikasleengatik gertuago egotea du asmoa musika eskolak. Horretarako, batez ere, musika eskolaren eskaintzari buruzko informazioa, jarduera eta ekitaldien egutegia, albisteak eta multimedia atala indartu nahi izan dituzte. Multimediaren atalari hain zuzen ere, indar berezia eman nahi diote, egiten dituzten kontzertuetako argazkiak eta bideoak txertatuz. Agendan, berriz, musika eskolak antolatzen dituen ekintzezkin batera, udalak musikaren arloan antolatzen dituenak ere txertatuko dituzte.
Sare sozialetan presentzia
Webgune dinamikoa izatea lortu nahi dute, eta sare sozialetan ere presentzia izatea. Epe motzean, Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialetan ere egongo da musika eskola.