Udalbatzak aho batez onartu du IAT gunea Iturralde Txiki eremuan kokatzeko proposamena
Kale garbiketa Zerbitzu Elkartea enpresari esleitzea ere erabaki du osoko bilkurak. Goiekiko administrazio kontseiluan alderdi politiko bakoitzetik ordezkari bana izango du Beasainek
Beasaingo Udalaren iraileko osoko bilkurak aho batez onartu du IAT (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) zerbitzua Beasainen ezartzeko, Iturralde Txikiko lur eremua Eusko Jaurlaritzari uztea. Salbatore auzoan, Sasieta Mankomunitatearen eta Korosti enpresen artean dagoen 5.300 metro karratuko eremua 30 urterako utziko dio jaurlaritzari, dohainik: beti ere, IAT jarduerarako zuzendua egon beharko du. Udalak egindako azken urratsarekin, hurrengo udaberrirako IAT-a martxan egotea aurreikusten da.
Lagapena dohainik izanda, «langileen kopuru bat beasaindar langabetuak izatea» eskatzea proposatu du EH Bilduko Manzisidorrek. Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, oraindik puntu horretara iritsi gabe badaude ere, proposamena ondo ikusten duela adierazi zuen, horretarako langabetuen perfila ikusi behar bada ere.
Kale garbiketa zerbitzua
Bestalde, kale gabiketarako zerbitzua Zerbitzu Elkartea enpresari esleitzea onartu du osoko bilkurak, aho batez. Bost urterako esleitu zaio eta urteko 1.063.000 euro (+BEZ) inguruko kostua izango du. Zerbitzu Elkartea enpresari zerbitzua esleitzea onartu zen, besteak beste, baldintza eta hobekuntza hauekin: larunbat goizetan langile bat gehiago izango da lanean zerbitzua indartzeko, langileen soldaten eguneratzea eskatuko da, espaloiak hobeto garbitzeko makina berria erosiko da eta haizagailu elektrikoak erabiliko dira «lehengoek ateratzen zuten hotsik ez egoteko». EH Bilduk hitzarmena betetzen dela bermatzeko, «26. klausulan administrazioak une oro eskatu ahal izango dio enpresa kontratistari aipatutako baldintzak betetzen dituela» esaldia gehitzea proposatu zuen. Onartua izan zen.
Azkenik, Goiekiko administrazio kontseilurako hiru ordezkariak izendatu dira. Gobernu taldearen proposamena onartu da, alderdi bakoitzetik bana izendatzea: Aitor Aldasoro (EAJ), Mikel Olano (EH Bildu) eta Eva Alvarez (PSOE-PSE).