'Kontrastafrika' erakusketa eta Pepe Naranjoren hitzaldia, gaur
'Kontrastafrika' erakusketa ikusgai dago Igartzako Monumentu Multzoko errotan. Gaur, Pepe Naranjo kazetaria etorriko da, Mendebaldeko Afrikako egoeraz hitz egitera.
Igartzako errotan Kontrastafrika erakusketa ikusgai dago abenduaren 19ra bitartean. Fill In Culture talde artistikoak, Kike Gomez argazki-kazetariak eta Gasteizko Manuel Iradier elkarko Afrikanistaren arteko elkarlanaren ondorioz sortutako emaitza da. «Oraindik Afrikan egon ahal izan ez dugunontzat, baina baita inoiz han izan garenontzat ere, Kontrastafrika akuilu izatea nahi dugu gure bost zentzumenak ernatzeko. Haiek esan diezagutela zer den egia eta zer ez. Haiek izan daitezela Beasaingo Igartzako errotaren atea gurutzatu aurretik Afrikari buruz geneuzkan ideiak kontrastatuko dituztenak».
Erakusketa osatzeko, gaur, 18:00etan, Pepe Naranjo kazetariak hitzaldia egingo du Igartzan: Sahel: hitza, irudiaren eta soinuaren bitartez ahaztutako gerra. Kanaria Handiko kazetariak «bere ibilbide profesionalaren zati handi bat Afrikatik Espainiako immigrazioaren jarraipenari eskaini dio». 2011tik Senegalen bizi da. El Pais egunkarian ohiko kolaboratzailea da; Mendebaldeko Afrikako eta Sahelgo albisteak ematen ditu.