Larunbatean inauguratuko dute 'Pump track' pista, bizikleta malabareekin
Rafael Izquierdo Espainiako BMX modalitateko txapeldunak erakustaldiak egingo ditu. Bizikleta, skate edo irristatzen duen edozein gailurekin ibiltzeko gunea da. Arauak jarri ditu udalak
Dagoeneko herriko haur ugarik estreinatu badute ere, larunbatean inauguratuko dute Beasaingo Pump track pista berria. Hiru asteko lanen ondoren, Igartza futbol zelaiaren atzean, orain arte skate parkea egon den tokian, bizikleta, skate edo irristatzen den edozein gailurekin oztopoak gaindituz ibil daitekeen gunea bukatu dute dagoeneko.
Inaugurazioa gainera, gonbidatu berezi batekin egingo dute: BMX modalitateko Espainiako txapelduna den Rafael Izquierdo Tellorekin. Goiz eta arratsaldez hainbat erakustaldi egingo ditu: 12:00etatik 13:00etara egingo duena 12 urtetik beherakoei zuzenduta egongo da, eta 13:00etatik 14:00etara bitartekoa, 12 urtetik gorakoei zuzendua. Udalak jakinarazi duenez, «arratsaldean berriz txanda horiek errepikatuko dira 17:00etatik 18:00etara eta 18:00etatik 19:00etara».
Rafael Izquierdo bizikletan malabareak egiten maisua da eta Beasaingo zirkuitua gainbegiratuko du larunbatean. BMX modalitateko Espainiako txapeldun izan da 5 aldiz. 2009an hasi zen kirol horretan Scott markarekin eta besteak beste nazioarte mailan 3 podium lortutakoa da, Espainiako 2 kopa eta estatuko liga bat ere irabazi ditu azken 5 urteetan.
Bestalde, Pump track pistaren erabilerari dagokionez, kaskoa eta babesak eramatea beharrezkoa dela jakinarazi du udalak, eta haurrak helduek lagunduta ibili beharko dira. «Motorra duten gailuak debekatuak egongo dira, baita bertan oinez ibiltzea, animaliak sartzea edo kontrako norabidean ibiltzea ere».