Aurtzaka taldeak dantzan ospatuko du 40. urteurrena
Bihar, Dolarea parkean elkartuko dira; Erauskin plazaraino segizioa egin eta elkarrekin dantzatuko dute. Bazkariarekin eta erromeriarekin amaituko dute eguna
Beasaingo Aurtzaka dantza taldeak 40 urte bete ditu aurten, eta «taldekide eta talde lagun izan garen guztien jaia» antolatu dute biharko. Izan ere, «gogotsu eta osasuntsu jarraitzen dugula kontuan izanik, are handiagoa da gure harrotasuna erakusteko arrazoia». 400 lagun inguru elkartzea aurreikusten dute antolatzaileek. «Baldintza bakarra jantzi tradizionala ekartzea da».
40. urteurrenaren aitzakian, egun osoko egitaraua prestatu dute, gaur egungo eta garai bateko dantzarientzat. 11:00etan, Dolarea parkean jarri dute elkartzeko hitzordua. Segizioan jaitsiko dira herriguneraino eta ondoren, 13:00ak aldera, Erauskin plazan guztiek batera dantza egingo dute.
Bazkaria eta erromeria
15:00etan bazkaria egingo dute Loinazko San Martin plaza azpian eta 18:00etan, erromeria egingo dute Ezten Giro taldearekin.
Urteurrenerako kamisetak atera dituzte Aurtzakakoek; egunean bertan eskatzeko aukera ere izango da. 15 euro balio du.