Jon Aizpururen hitzaldiarekin hasiko da Mendi Astea
Astelehenetik ostiralerako, hiru ikus-entzunezko eta bi hitzaldi antolatu dituzte Igartzan, 19:30ean. Larunbatean eskalada praktikak egingo dituzte kiroldegian
Beasaingo bi mendi taldeek, Aizkorrik eta Arrastakak, mendi astea antolatu dute beste urtebetez elkarlanean. Udazken Kulturalaren barruan, «mendizaletasuna gustukoa» dutenen elkargunea izango da hamabigarren Beasaingo Mendi Astea. Astelehe- nean hasita, hiru ikus-entzunezko eta bi hitzaldi antolatu dituzte: «Aurreko edizioetan bezala, aurten ere, mendizaletasunaren, eskaladaren eta eskiaren arloan ezagunak diren aurpegiak ikusi ahal izango ditugu eta bertatik bertara kontatuko dizkigute mendian bizitako esperientziak».
Mendizaletasunean eta eskaladan emakumezkoak duen garrantziari ere protagonismoa eman nahi izan diote mendi elkarteek, Fatima Gil, «punta-puntako» kirolariarekin. Saio guztiak Igartzako jauregian izango dira, 19:30ean.
‘Martxan jarri eta listo!’
Astelehenean etxeko kirolari bat izango da protagonista: Jon Aizpuru ultra trailetako lasterketaria, iaz Ehunmilak proba irabazi zuena. Martxan jarri eta listo! hitzaldiarekin, «bertatik bertara kontatuko dizkigu bizitako sentsazioak eta esperientziak. Bere ibilbidea eta etorkizunera begira dituen erronka berriak xehetasun gehiagoz ezagutzeko aukera izango dugu».
Asteartean, Fidel Mendia iruindarrak Mendiko eskia Europako ekialdean lana aurkeztuko du. Azken urteotan muturreko eskian espezializatu da. Mendiko argazkilaritzako zale amorratua da eta asteartean ikusteko aukera izango da emaitza.
Asteazkenean Juan Vallejok Nire mendiak ikus-entzunezkoa eskainiko du. Azken bost urteotako espedizioetan bizitako esperientziak kontatuko ditu gasteizterrak.
Ostegunean, Sebastian Alvaro gonbidatuko dute eta Bizitza ertzean hitzaldia egingo du. Espainiako telebistako Al filo de lo imposible abenturazko dokumental sortaren sortzailea eta zu- zendaria izan zen 2008ra arte.
Ostiralean, azkenik, Fatima Gil eskalatzailearen Patagonia erraietaraino ikus-entzunezkoarekin amaituko da zikloa.
Eskalada prakatikak
Mendi Astearekin amaitzeko, eskalada praktikak egingo dituzte larunbatean, Antzizar kiroldegian, goiz eta arratsaldez.