Jokin Telleria ETB1-eko 'Arimaren margolariak' lehiaketan ariko da
Gaur, 22:00etan, hasiko da Euskal Herriko margolari amateur onena aukeratzeko lehiaketa. Bilobak eta ikasleek animatuta aurkeztu da lehiaketara. 11 urte zituenetik ari da margotzen
Euskal Telebistako lehenengo kateak, gaur, 22:00etan, Arimaren margolariak reality-a estreinatuko du. Zortzi margolari ariko dira lehian, eta tartean izango da Jokin Telleria 62 urteko beasaindar margolaria; Koldobika Jauregi eskultorea, Arantza Orbegozo erretratista eta muralista eta Jorge Malkorra artista eta psikologoak osatuko dute epaimahaia.
Saio bakoitzean, teknika desberdinak erabiltzeko gaitasuna eta artea erakutsi beharko dute zortzi lehiakideek. ETBk aurreratu duenez, «Euskal Herriko historiarekin eta nortasunarekin, azken finean, gure arimarekin, lotutako gaiak mihisera eramanez, gure lurraren arima margotzea izango du helburu saioak». Gai bat izango dute ardatz saio bakoitzean; gaur, itsasoa izango da gaia eta Ondarroan izan dira margolariak.
Lehiakideei dagokionean, Goierriko lehiaketari bakarra izango da: Jokin Telleria. 11 urterekin hasi zen eta 12 urterekin lortu zuen lehenengo saria Ordiziako lehiaketa batean. 15 urterekin lehen eskolak jaso zituen. Hala ere, fresadore lanean aritu zen 40 urte zituen arte. Lantokia itxi zenean, duela 20 urte, Xunai denda ireki zuen. Margo irakaslea ere bada Beasaingo pintura eskolan. Sari ugari jasoa da eta 50 erakusketa baino gehiago egin ditu. Bilobak eta ikasleek animatu dute ETBko lehiaketan parte hartzera; ez luke lehen kanporatua izan nahi.