Sonia Lasak 'Verano del 36' liburua aurkeztuko du
Sevillan bizi den kazetari eta idazle beasaindarrak hirugarren liburua aurkeztuko du ostiralean, Mirentxu liburudendan.
Duela 10 urtez geroztik, Sevillan bizi den Sonia Lasa beasaindar kazetariak eta idazleak hirugarren liburua argitaratu du: Verano del 36. Beasainen ere aurkeztu nahi izan du azkeneko liburua eta ostiralean, 18:30ean, Mirentxu liburudendan izango da liburuaren nondik norakoak azaltzen.
Beasain eta Donostia artean kokatu du liburua, eta bi pertsonaietan eta bi garaitan oinarritzen da istorioa: Amaia biloba 1981ean, eta Ane amona 1936an. Amaia Kazetaritza ikasten ari da, eta Historia irakaslearen iradokizuna dela eta, Gerra Zibilari buruz egiten ari den lana sakondu egin behar du. Lan horrek bidaia baten hasiera markatuko du, eta harekin batera 36ko gerrako ondorioak lehen pertsonan bizi izan zituztenen testigantzaren bidez jasoko dira.
Ane amonak bakarrik geratu behar izan zuen familiaren baserriaren kontura, eta inoiz ez zuen gertatutakoaz hitz egin nahi izan. Amaia bere bilobak argazki zahar bat aurkitu zuen, eta emakume misteriotsu hura nor zen argituko du, ordura arte ondo baino hobeto gordetako sekretua, alegia. Istorioarekin, garai hartako emakumeei omenaldia egin nahi izan die Lasak.
Egales argitaletxearekin argitaratu du Lasak liburua; LGTB kolektiboan espezializatutako argitaletxea da.