Erregaien igoera, apaiz gaztea eta 18/98 auzia
Erregaien prezioak azken urteetako igoerarik handiena izan zuen 2004an, eta horrek kezka eragin zuen garraiolarien eta baserritarren artean. Ainhoa Irastortza ordiziarrak hiru urte egin zituen espetxean, 18/98 auziko epaiaren zain. Eta Lazkaon, Koldo Intxausti apaiz gazteak estereotipo guztiak apurtu zituen.
Azken urteetan erregaien igoera urteroko kontua bihurtu da. Duela hamabost urte, igoera ohi baino handiagoa izan zen, eta horrek kezka sortu zuen hainbat sektoretan. Goierri Hitzak, garraiolari, nekazari, taxista eta gasolindegiko langile banarekin hitz egin zuen, egoerak zertan eragiten zien jakiteko.
18/98 sumarioaren urte gogorrak ziren. Baltasar Garzon epaileak Amnistiaren Aldeko Batzordeetako 13 kide atxilotu zituen, tartean Juan Mari Olano bozeramaile gaintzarra eta Ainhoa Irastortza Ordiziarra. Goierriko Hitzak haren amarekin, Ani Otegirekin hitz egin zuen, bere egoeraren berri izateko. Zeldan egunean 22 ordu egiten zituela eta “giharrak ez gogortzeko babetik bestera” ibili behar zuela azaldu zuen; baita “martxoaren 11ko gertaeren ondotik presoen egoerak okerrera” egin zuela ere.
Apaiz gazte batek zeresan ugari eman zuen Lazkaon, ezohiko itxura eta jarrera baitzekartzan Koldo Intxausti alegiarrak. Hitzari eskainitako elkarrizketan, “gizartea balore krisian baino gehiago, noraezean” dagoela zien. Latina baino gehiago, ingeleraren aldeko apustua egin zuen, eta heavy musikaren zalea dela zioen. Plaza gizona ez bada ere, “jendearekin hitz egitea, zuzeneko harremana izatea” gustatzen zaiola zioen, eta “beste estilo batean kristau” izan daitekeela frogatu nahi zuen.
Udazken beteko eguraldia egin zuen egun haietan, eta haizete kontuak ere baziren Goierrin. Makina bat adar bota zituen bazterretan, eta baita kaleetan farolak eta paper ontziak ere.