Aitor Zabaleta, Master 50 mailan nagusi
Aitor Zabaletak beste titulu bat lortu du, jaioterriko proba irabazita. Oso gustura agertu da garaipenarekin eta aurten egiten ari den denboraldiarekin. Bederatzi legazpiarrek parte hartu dute aurten proban.
Telleriarteko Txirrindulari elkarteak antolatutako Legazpiko IX. Ziklo-kros proban bederatzi legazpiarrek parte hartu dute aurten. Ia maila guztietan aritu da legazpiarren bat, gizonezkoaetan, behintzat. Aitor Zabaleta Txipik garaipena lortu zuen Master 50 mailan, aurten egiten ari den denboraldia borobilduz. Izan ere, 2019an Espainiako eta Euskal Herriko ziklo-kros txapeletak irabazi ditu beteranoen mailan.
«Aurten oso ondo nabil, lasaiago entrenatzen ari naiz eta. hala ere, emaitza onak lortzen ari naiz». Zabaletak ‘baina’ bat jarri dio, ordea: «irabazten ohitzen zara eta ez dakit hori oso ona den». Bainak baina, gustura agertu da, «ez dugu ezer jokoan, ez gara profesionalak eta gozatzera ere bagoaz txapelketetara».
Zabaletaz gain, Urtatza-zaharreko ibilbide malkartsuan beste zortzi legazpiar lehiatu ziren. Master 50ean Imanol Ugartek 3. egin zuen. Elite mailan Ander Ibarguren 8. geratu zen. Kadeteetan Gari Ugartek 9. eta junior mailan Ander Ormazabalek 7. eta Oier Aizpuruk 27. egin zuen. Maser 30ean Gari Nuñez 14.a izan zen eta Master 40ean Oscar Gonzalez 6.a eta Mikel Arrizabalaga 28.a.
Open mailako proban, Zaloa Trevillak irabazi du emakumezkoetan eta Aitor Hernandezek gizonezkoetan. Jon Izagirre ormaiztegiarrak 4. egin du. Emakumezkoen parte hartzea jaitsi egin dela diote antolatzaileek.