Aspanogi elkartearen aldeko elkartasun festa egingo dute larunbatean
Haur minbizidun gurasoen elkartearentzako dirua biltzea da helburua. Motozaleen elkarretaratzea egingo dute. Eguerdian paella erraldoia eta gauean rock kontzertuak izango dira
Aspanogi, Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartearentzat dirua biltzeko helburuarekin, hainbat ekitaldi egiten ari dira azken aldian Goierrin. Larunbatean, beste bat gehiago izango da Beasainen: elkartasun festa. Larunbaterako, egun osoko ekintzak antolatu dituzte, 10:00etan hasi eta ordu txikiak arte.
Motorzaleak izango dira goizean protagonista, Biker Topaketa antolatuta, bat egingo baitute Aspanogiren elkartasun festarekin. 10:00etan Beasaingo tren geltokiaren aurrean elkartuko dira eta 10:30etik 14:00etara bitartean, Beasain- Segura (hamaiketakoa)-Agurain-Beasain ibilbidea egingo dute.
Paella erraldoia
Motor ibilaldia bukatzerako, 14:30erako prest egongo da paella erraldoia Gernika Pasealekuko pilotalekuan. Motor zaleak eta Aspanogiri elkartasuna adierazi nahi dioten guztiak gonbidatu nahi dituzte paella janera. Txartelak 8 euroan salduko dituzte; erreserba egiteko 630 084 922 telefono zenbakira deitu behar da (Paulo Cerqueira).
Rock kontzertuak
Arratsalde partean, 16:00etarako, motor zaleentzat eta haurrentzat jolasak antolatu dituzte. Jarraian, 17:00etan eta 21:00etan, bertara joandakoei eskerrak emateko, oparien zozketak egingo dituzte. Eta musikak ere izango du tartea Aspanogiren elkartasun festan. 19:00etan Ignis Anima rock taldearen kontzertua izango da, eta 21:30ean, Everlever rock taldearena.
Azkenik, 24:00etan hasita, Josu Rodriguez disko jartzailearen musikarekin dantza egiteko aukera izango da.