Japoniako Kumano Kodo eta Santiago erromes bideak gertuago
Jaurlaritzak eta Japoniako Mie Prefekturako gobernuak lankidetza ‘memorandum’a sinatu dute gaur eguerdian Beasaingo Igartzako jauregian, Kumano Kodo eta Santiago erromes bideen inguruko elkarlana sustatzeko helburuarekin.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Japoniako Mie Prefekturako Gobernuak lankidetza memorandum bat sinatu dute Japoniako Kumano Kodo eta Santiago erromes ibilbideen inguruko elkarlana sustatzeko eta elkarrekin kultura-ekimenak bultzatzeko. Hitzarmena sinatzeko ekitaldia Beasaingo Igartzako jauregian egin da gaur eguerdian. Memoranduma sinatzeko ekitaldian, Mie Prefekturako ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Beasaingo Udaleko ordezkariak izan ziren. Besteak beste, ekitaldian parte hartu dute Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordeak eta Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak.
Kumano Kodo bidea
Japoniako erromes biderik ezagunena da Kumano Kodo; 2014an Unescok Ondare izendatu zuen. Japoniako ordezkariek beren «borondatea agertu dute Santiago Bidearen inguruan egin den kudeaketaz ikasteko, etorkizunean Kumano Kodo bidean lan-ildo horiek garatzeko aukerak aztertzeko». Igartzan sinatutako hitzarmenarekin, «lankidetzak interes komuneko munduko ondareko erromes-bideei buruzko informazioa eta trukea» zabalduko ditu.
Era horretan, Mie Prefekurako ordezkariek interesa agertu dute Eusko Jaurlaritzak Santiago Bidea nola kudeatzen duen ezagutzeko, eta garatutako lan-ildoak Mie Prefekturatik igarotzen den Kumano Kodo bidean txertatzeko. Memorandumak bi urteko iraupena izango du eta iraunaldia automatikoki luzatuko da 12 hilabeteko aldi gehigarrietan, «alderdietako batek kontrako borondatea agertzen ez badu».
Memorandun horrek Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailak iaz Japoniara egin zuen bisitan du jatorria. «Bidaia horretan lan-harreman sendoa sortu zen Mie Prefekturako ordezkariekin, eta egunotan Euskadin dira ekonomia eta enpresarekin lotutako ekimen ezberdinak bideratzen».