Behobia orain 15 urte
Egunkariaren astebeteko orrialdeak begiratuta, egunerokoaren hariekin ehundutako hamaika koloreko oihala ageri da. Ez dago albiste nabarmenik, baina denak dira garaiko bizimoduaren isla
Aurten 100 urte bete ditu Behobia-Donostia lasterketak, eta 458 goierritarrek parte hartu dute. Aspaldikoa da eskualdetik hiriburuko probara joateko ohitura, eta hala jaso zuen Goierriko Hitzak, duela 15 urte. Orduan 381 izan ziren proba osatu eta helmuga zeharkatzea lortu zutenak.
Duela 15 urteko egunkarietan San Martin egunaren bueltako ospakizunak eta feriak jaso ziren; sonatuena Zegaman, non Felix Goibururen gazta izan zen VI. Gazta Txapelketako irabazlea.
Segura Irratian, uhin bidezko Aizkorpe Bertso Txapelketako lehenengo ekitaldia abiatzeko prest zeuden. Ordiziako errugbi taldeak 30 urte bete zituen eta Urretxuko Kaixo udal aldizkariak 25. urtemuga ospatu zuen.
Garaiko egoera politikoan atxiloketak albiste izan ohi ziren, eta aste hartan Alaitz Iturrioz eta Ibon Urrestarazu lehenengo, eta Xabier Balerdi ondoren atxilotu zituzten Ordizian. Atxiloketen zein atxilotuen egoeraren nondik norakoa zehaztea zail-zaila zen, inkomunikazioa eta torturaren mehatxua tarteko zirela. Ordizia Gera plataformak egoera udalerriko kaleetan salatu zuen.
Goierrin %25 birziklatzen zela zioten Sasieta Mankomunitatetik, eta asmoa %40ra iristea zen. Egungo tasa %76,8 da Sasietako datuen arabera.