Bidezar eta Hirukia tabernek irabazi dute pintxo lehiaketa
Bidezarrek pintxo onenaren saria jaso du, Hirukiak originalenari dagokiona. Bezeroen artean Kabia jatetxean afari bat zozkatu dute eta Maria Eugenia del Pozok irabazi du
Bidezar tabernak irabazi du Zumarragako 19. pintxo lehiaketa. Pintxo originalenari dagokion saria, berriz, Hirukia tabernari eman diote. Bederatzi tabernak parte hartu dute eta guztiek buzkantzarekin egindako pintxoak aurkeztu behar izan dituzte.
Bidezar tabernako pintxoaren izena Amonaren errezeta da. Izan ere, Koldo Ruiz sukaldariaren amonaren errezeta batean oinarritu dira. Amonaren berenjena gisatuan, hain zuzen ere. Bidezarrekoek buzkantza, tomatea, tipula, piperra, baratxuria, erramua, piperrautsa, oreganoa, ozpina, olioa eta Moldaviako mahatsak ere erabili dituzte.
Hirukiako pintxoaren izena, berriz, Udazkeneko ohituren fusioa da eta Txoni Sastrek egin du. Pintxoan garai honetako hiru produktu uztartu dituzte: txurroak, gaztainak eta buzkantza. Pintxoak garbantzu krema, urdaiazpikoa, pikilloko piperren krema, piku freskoak, gaztaina erreak, kiwi marmelada eta txurroak ditu.
Epaimahaia
Epaimahaia Etxeberri jatetxeko Bixen Egigurenek, Kabia jatetxeko Juanma Hurtadok eta Ezkioko Argindegi ostatuko Josu Landak osatu dute. Asteazkenean dastatu zituzten bederatzi pintxoak. Ostiralean eta larunbatean, berriz, herritarrek dastatu ahal izan zituzten. Pintxoak dastatu zituztenen artean Kabia jatetxean afari bat zozkatu zuten. Maria Eugenia del Pozok irabazi du.
Sariak atzo banatu zituzten. Rosa Maiza zinegotziak eskerrak eman zizkien lehiaketan parte hartu zuten guztiei. «Eskerrik asko herritarrei asteburu ezberdin bat eskaintzeagatik, eta zuen sormena eta ahalegina herritarren mesedetara jartzeagatik. Zuen lana oso garrantzitsua da gure herriari bizia emateko», esan zuen.
Zumarragako Udalak bi pintxo lehiaketa antolatzen ditu urtero: azarokoan buzkantza erabili behar da eta ekainekoan, berriz, sukaldariek nahi duten osagaiak erabili ditzakete. Bidezar tabernak bi aldiz irabazi du pintxo lehiaketa. Beste hirutan pintxo originalenari dagokion saria lortu du. Hirukia tabernak, berriz, behin irabazi du pintxo lehiaketa. Pintxo originalenari dagokion saria bitan irabazi du.