Elosegi kalea plazarekin mailakatzeko lanak hasi dituzte Lazkaon
Frontoi paretik udaletxeko kantoiraino, kalea guztiz eraberrituko dute. Lanek 277.000 euroko aurrekontua dute eta hiru hilabete iraungo dute.
Lazkaoko plazako kalea berrituko du udalak. Lanak astelehenean hasi zituen Sasoi eraikuntza enpresak, eta hiru hilabete iraungo du. Elosegi kalea guztiz eraberrituko dute, frontoi paretik udaletxe kantoiraino. Denera, 277.013,17 euroko aurrekontua dauka, BEZa barne.
Oinezkoen eremua zabaltzea da helburua. Kalea plazaren maila berera jasoko dute, eta harrizko adokinekin estaliko dute. Enparantzarekin bat eginda geratuko da. Gaur egun ere zirkulazioa itxita dago, eta hala segiko du; zama lanetarako soilik sartu ahalko dira ibilgailuak.
Hirigintza lan hori baliatuz, kaleko saneamendu sarea ere berrituko dute, eta euri uren eta ur zikinen hoditeriak bereiziko dituzte. Bigarren fase batean, inprimakidun asfaltoa botako dute zubian, beste aldeko itxurari jarraipena emateko.