Irizarrek ieBus zero igorpeneko autobusen belaunaldi berria aurkeztu du
Irizar Taldeak bere autobus elektrikoen belaunaldi berria aurkeztu du Busworld Azokan. Diseinu eta teknologia aldetik hainbat berrikuntza egin dizkiote.
Irizar Taldeak bere azken berrikuntza aurkeztu du Busworld Nazioarteko Azokan: 12 metroko Irizar ieBus belaunaldi berria. %100 autobus elektrikoa da, zero igorpenekin, eta konpainiaren arabera, “hiri-mugikortasunerako irtenbide iraunkorra” eskaintzen du.
Irizarrek 2014an merkaturatu zuen aurrenekoz ieBus autobus elektrikoa, eta Europako hainbat hiritan dabil martxan geroztik. Jasotako datuen arabera “fidagarria” dela eta “atonomia baduela” egiaztatu ahal izan du enpresak.
Autobus modelo horren belaunaldi berriak, 10, 12, 15 eta 18 metroko autobusak eskaintzen ditu. Bateria berriak jarri dizkiote, eta espazioa optimizatu egin da, modularitate handiagoa eta bidaiarientzako toki gehiago lortuz.
Kontsumoa murrizteko eta autonomia handiagoa lortzeko hainbat doikuntza ere egin dizkiote ibilgailuari. Klima baldintza estandarretan 250 kilometro inguruko autonomia dute; beste era batera esanda, 17 orduko bidaia. Baterien karga abiadura ere murriztu egin dute, eta pantografo bidez, karga azkarra egiteko aukera ematen du.
Diseinu berritua
Espazioa eta teknologia ez ezik, diseinua ere berritu dute, bai barrutik eta baita kanpoaldetik ere. Horrekin, ibilgailu “erakargarri, eraginkor, fidagarri eta seguruagoa” lortu dela dio Irizarrek.
Aurrealdeak “ukitu markatuago eta dotoreagoa” du eta “Irizarren produktuen ezaugarri estetikoetara” gehiago hurbiltzen dela diote. Barrualdea modularra izateak, bezeroaren nahien arabera konfiguratzeko aukera errazten du.