«Alemanera itzuli den euskal autoreen lehen antologia da»
Mikel Babianok (Urretxu, 1985) euskal poesiaren antologia bat idatzi du alemanez, hango argitaletxe batek eskatuta. Euskara, gaztelera, ingelesa eta errusiera ere hitz egiten ditu.
Zein ikasketa egin zenituen?
Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi nituen EHUn. Ondoren bi master egin ditut. Bata idazketa sortzailearen ingurukoa, Bergaran, eta bestea euskal filologiari eta linguistikari buruzkoa, EHUn. Egun doktoretza egiten ari naiz, euskararen eta alemanaren arteko harremanei buruz.
Zergatik erabaki zenuen itzulpengintza ikastea?
Hizkuntzak beti gustatu zaizkit. Batxilergoa ikasten ari nintzela, alemana ikasten hasi nintzen. Asko gustatu zitzaidan. Batxilergoa bukatu nuenean ez nekien nora jo eta hizkuntzak ikastea eta itzulpengintzatik jotzea aukera ona zela iruditu zitzaidan: enpresa mundua, turismoa… Gainera, hizkuntzek bidaiatzeko, irakurtzeko, idazteko… aukera zabala eskaintzen dute. Unibertsitatean euskara, ingelesa, alemana eta errusieran espezializatu nintzen eta ondoren alemaneraren alde egin nuen. Erasmusa Leipzig hirian egin nuen, Salamancan alemana irakatsi nuen eta ondoren bost urte eman nituen Alemanian. Euskara eta euskal literatura eskolak eman nituen Unibertsitate Librean, Etxepare institutuaren bitartez. Errusian ere egon naiz.
Hizkuntza gehiago ikasi al dituzu?
Zeinu hizkuntza, frantsesa, italiera eta katalana. Baina hizkuntzek denbora eta motibatuta egotea eskatzen dute.
Zergatik erabaki zenuen alemanari lehentasuna ematea?
Bertako kultura eta literatura gustatu zitzaizkidan eta gehiago sakontzea erabaki nuen. Ikasketak bukatu ondoren, Alemaniara joatea erabaki nuen eta irakasle eta itzultzaile lanak egin nituen bertan.
Alemanak indarra hartu du, baina beste hizkuntza batzuek ikasle gehiago dituzte. Zer diozu alemaniarrei buruz?
Alemana ikastea lana errazago topatzeko modu bat zela iruditu zitzaidan. Izan ere, gehienek ingelesa ikasten dute. Ni ere aurreiritzi askorekin joan nintzen Alemaniara, baina alemana herrialde askotan hitz egiten da (Austrian, Liechtensteinen, Suitzan, Afrikako herrialde batzuetan, Luxenburgon, Belgikan…) eta Alemanian kultura oso ezberdinak dituzten herriak daude. Alemanian, prusiarrak oso zorrotzak eta burugogorrak direla esaten dute. Guk, ordea, alemaniar guztiak halakoak direla esaten dugu. Aurreiritziak alde batera utzi eta sakondu egin behar da. Alemaniak oso historia interesgarria du.
Alemanak ate asko ireki al dizkizu?
Bai. EHUko Itzulpengintza sailean lan egiten dut eta itzultzaile lanak ere egiten ditut. Aurten, adibidez, Momo liburua itzuli dut alemanetik euskarara.
‘Momo’ liburua ez al zegoen ba euskarara itzulita?
Bai, baina gaztelaniatik itzuli zuten. Zuzeneko itzulpenari gero eta garrantzi gehiago ematen zaio. Walter Benjaminen saiakerak ere itzuli ditut.
Zer lan egiten duzu EHUn?
Aleman eskolak ematen ditut eta ikerketak egiten ditugu. Alemana ama hizkuntzan ikastearen eragina aztertzen ari gara, adibidez. Bestalde, euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkarteko (Eizie) zuzendaritza taldeko kidea naiz.
Nola suertatu da euskal poesiaren antologia egiteko aukera?
2012-2013an, Berlinen bizi nintzela, Eye argitaletxeko editoreak idatzi zidan. Hasieratik oso proiektu interesgarria iruditu zitzaidan. Argitaletxea Austrian dago eta hizkuntza gutxituetan espezializatua dago.
Zein poema aukeratu dituzue libururako?
Alemanera itzuli den lehen antologia da. Aniztasuna bilatu dugu, autoreei, garaiei, gaiei, teknikei… dagokienez. Antologia askotan Gipuzkoako gizonezkoak nagusitzen dira eta horrekin hautsi nahi genuen. Garrantzi handia eman diogu emakumeen presentziari. Bestalde, hartzaileak alemaniarrak izango direnez, euskal kulturaren berri ematen saiatu gara. Hori dela eta, XVI. mendeko baladak, kanta herrikoiak eta bertsoak ere sartu ditugu. Hautatutako autoreen artean, Andoni Salamero, Joxan Artze, Joseba Sarrionandia, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Jon Mirande, Xabier Lete, Bittoriano Gandiaga, Xabier Lizardi, Tene Mujika, Tere Irastortza, Itxaro Borda… daude. Liburuak irudiak ditu eta horietako bi Berek eta Koldo Cadiernok egin dituzte. Liburua Austriako eta Alemaniako toki askotan aurkeztu dugu eta jendeak oso ondo hartu du.