Zegama-Aizkorri Golden Trail Serietako lasterketa izango da 2020an ere
Aurtengo sei lasterketa berberek osatuko dute egutegia, eta finala Patagoniako K42 Villa La Angosturan jokatuko da, Argentinan, azaroaren 7an. Araudian eta diru-sarietan hainbat aldaketa egingo dituzte.
Zegama-Aizkorri mendi maratoiarekin –maiatzaren 24an izango da– abiatuko da datorren urtean Salomon kirol etxeak antolatzen duen Golden Trail Serietako 2020ko zirkuituaren hirugarren edizioa. Aurtengo sei lasterketa berberek osatuko dute egutegia: Zegama-Aizkorri, Marathon du Mont Blanc, Dolomyths Run, Sierre-Zinal, Pikes Peak eta Ring of Steall Skyrace. Lehen edizioko finala Afrikan jokatu zen , aurtengoa Asian, eta 2020koa Amerikan, Patagoniako K42 Villa La Angosturan, Argentinan, azaroaren 7an. Finala abiadura handiko lasterketa izango dela iragarri dute, eta itsas mailan izango da gainera.
Ikus hemen 2019ko Zegama-Aizkorriko argazkiak, eta hemen 2019ko Zegama-Aizkorriko bideoa.
Hauek dira datorren urteari begira izango diren berritasunetako batzuk:
-
Finaleko emaitzen ondoren lehen bost postutan amaitzen dutenen diru saria 5.000 eurotik 10.000 eurora igoko da, eta seigarrren postutik hamargarrenekoek 5.000€ jasotzen jarraituko dute.
-
Finaleko puntuek bikoitz balioko dute, beraz edozer pasa liteke azken lasterketa horretako puntuak batzean, azkena lehena bilakatu liteke.
-
Lehen 11 sailkatuak, eta ez orain arte bezala lehen 10ak, izango dira gonbidatuak Patagoniako final handira.
-
Lasterketa bakoitzaren gutxieneko diru saria 1.000 eurokoa izango da top 5arentzat eta 6.enetik 10.enera bitartekoentzat 500 eurokoa.
-
Osasun eta antidoping kontrolak zorrotzagoak izango dira, eta zero tolerantzia izango da botika baimenduekin (https://www.goldentrailseries.com/health-policy/)