Goierriko saskibaloi familiaren 50 urteko historia, liburu batean bildua
Kerman Garralda Zubimendi 'Goierriko Hitza' egunkariko kazetariak ondu du 'Goierri 50 urte saskibaloian (1969-2019)' liburua, klubeko hainbat kideren laguntzarekin. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean egin dute aurkezpena, gaur eguerdian.
Goierri Kirol Elkarteako saskibaloi sailaren 50 urteko historia biltzen duen liburua aurkeztu dute gaur eguerdian Zumarragako Zelai Arizti aretoan: Goierri 50 urte saskibaloian (1969-2019). Kerman Garralda Zubimendia Goierriko Hitza egunkariko kazetariak ondu du liburua, klubeko hainbat kideren laguntzarekin. Egilearekin batera, Javier Garcia de Andoin Goierri KE-ko presidentea, Jon Pol Agirre saskibaloi saileko arduraduna, Jose Luis Esnal saskibaloi sailaren sortzailea, Paco de Miguel 50. urteurreneko ekitaldien koordinatzailea, eta Zumarragako eta Urretxuko udal agintariak izan dira, Rosa Maiza alkateordea eta Jon Luqui alkatea, hurrenez hurren.
Kerman Garraldak eskerrak eman dizkie Goierri saskibaloikoei liburua idazteko aukera emateagatik. Nabarmendu du sei ataletan banatu dutela liburua: “Hamarkada bakoitzari atal bana eman diogu, eta seigarrena emakumezkoen saskibaloiari”. Kazetariak adierazi du liburua “jokalarien oroitzapenen bilduma bat” dela, eta eskerrak eman nahi izan dizkie haien testigantza ematera animatu dira guztiei. “Liburua idaztea talde lana izan da, eta saskibaloia bera ere talde lana da”. Era berean, gazteak animatu ditu saskibaloian jokatzera eta klubean ardura postuak hartzera, “saskibaloiari jarraipena emateko”.
Gaur egun, 242 jokalari
Garcia de Andoinen esanetan, gaur egun Goierri saskibaloiak 20 talde ditu, 10 neskenak eta beste 10 mutilenak. “Guztira 242 jokalari daude, 114 neska eta 128 mutil”. Sorrera garaiko kontuak aipatu dituena Jose Luis Esnal izan da: “Orain dela 50 urte dena zen ezberdin, egoera politikotik hasita. Zailak izan ziren hasierako urte haiek. Inork ez zuen saskibaloian jokatzen, eta “maritxuen kirola” zela behin baino gehiagotan entzun behar izan genuen. Goierri ere “y grekoarekin” jarri beharra zegoen, eta jokatzera ez ginen Urretxura joaten, Villarreal de Urrechuara baizik”, bota du, ingurukoen irribarreak sorraraziz.
Liburuan Urretxuko eta Zumarragako gaur egun alkateak azaltzen direla esan du, baina Ramon Maiztegi Urretxuko alkate izandakoari aipamen berezia egin dio: “Frontoian jokatzen hastea asko kosta zitzaigun, pilota zen nagusi orduan, eta hura izan zen garaiko jauntxoei aurre egin ziena”. Goierri saskibaloia “familia baten modukoa” izan zela nabarmendu du, eta jende askoren lanari esker iritsi dela kluba iritsi den lekura. Falta diren guztiak gogoan izan ditu, eta daudenei animoak eman dizkie aurrera jarraitzeko. Pasarte eta bitxikeria gehiago kontatzeko tartea ere hartu du Esnalek aurkezpenean.
Goierriren historian 700 lagun
Urteurreneko ekitaldien koordinatzaile Paco de Miguelek kontatu du 2018ko uztailean hasi zirela lehen bilerak egiten, eta orduan bururatu zitzaiela liburu bat egitea. Garraldari eskerrak emateaz gain, De Miguelek nabarmendu du Anton Rodriguezengatik ez balitz liburua ez zela kalean egongo. “Goierriren saskibaloiaren historian ibilitako 700 lagunak liburuan azaltzea gustatuko litzaiguke, baina ez dira denak azaltzen. Denok familia handi bat gara”. Klubaren mugarri izan diren garaiei errepaso egin ondoren, datorren larunbatean egingo duten 50. urteurreneko bazkarirako izena emateko deia egin du. “Oraingoz izena eman duen gazteenak 35 urte dauzka, eta gazteagoek ere parte hartzea nahiko genuke”. Liburua argitaratzeko laguntza eman dieten erakunde eta enpresei ere eskerrak eman dizkie De Miguelek.
Bi udalerrien onurarako
Rosa Maiza Zumarragako alkateordeak Goierri saskibaloiak izan duen bilakaera goraipatu du, eta hori guztia jende askoren ahaleginarengatik gertatu dela nabarmendu du. Zumarragako Udalak kluba babesten eta gauzak errazten jarraituko duela nabarmendu du. Jon Luqui Urretxuko alkateak adierazi du Goierri saskibaloiaren familiak bi udalerriak “hobeak” izatea ahalbidetzen duela, eta bi herrien alde egiten duen lana “ikaragarria” dela, “kirolaren bidez gazteei hainbat balio transmitituz”.