"Herritarren onurari" zuzendutako 16,6 milioiko aurrekontua proposatu du Beasaingo udal gobernu taldeak
Ongizatea, berdintasuna, enplegua eta ekonomia arloetan eman dira igoera aipagarrienak. Euskara sustatzea helburu duen kopurua ere igo da, Aittu elkartea bultzatzeko. Oriamendi kalea konpontzea, irisgarritasuna hobetzeko igogailua jartzea, erakusketa areto berria erostea eta kiroldegiko kantxaren zorua berritzea aurreikusi dituzte.
Beasaingo udal gobernuak 16.668.611,24 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du 2020rako, iazkoa baino %0,13 txikiagoa: “Udal gobernuak, zuhurtasunez jokatuz, gastu mugara egokituta egindako aurrekontua aurkeztuko du, udalak aurreikusten dituen diru sarreren azpitik mugatu dituela gastuak. Horrela 3.195.000 euroko inbertsioak jasotzen dituen aurrekontua osatu ahal izan da”. Azaroaren 28ko Udalbatza osoaren bilkuran aurkeztuko da 2020rako aurrekontu proposamena onartua izan dadin.
Jarduera ekonomikoa eta enplegua
Herritarren etorkizuna “hobetuko” duten proiektuei heldu nahi die udal gobernuak. “Pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea helburu duena eta enpleguaren sustapena eta herri eroso eta atseginago bat eraikitzen jarraitzea lehenesten duena”.
- Tokiko enplegua eta jarduera ekonomikoaren sustapenarekin lotutako egitasmoek jarraipena izango dute.
- Enplegu planari lotuta, “formazio espezifikoa bultzatzeko beasaindar langabetuentzako Goierri Eskolan ikastaroak sustatuz jarraituko du udalak lan duina eta egonkorra bermatzeko”.
- Merkataritzan, jarduera ekonomikoa suspertzeko ekimen berriei dagokionez, lokal hutsak betetzeko helburuarekin alokairurako diru laguntzak bideratuko dituzte; “eremu degradatuak biziberritzeko, lanbide berriak erakartzeko edota belaunaldien aldaketa gertatzean laguntza izateko”.
Ongizatea
Herritarren ongizatea udal gobernuarentzako “ildo estrategiko garrantzitsua eta lehentasunezkoa” izaten jarraitzen du. “Gizarte ongizatean gastua %5,9 igotzea aurre ikusi da”.
- Pertsona helduen konpainia zerbitzurako partida bideratuko da, mendekotasunari aurre egiteko tailerretarako.
- Ahulezia egoeran dauden herritarrei erantzuna emango dien baliabideak handituko dira.
- Etxez-etxeko laguntza zerbitzurako aurrekontua %10 igoko da, “honela onuradun gehiagok zerbitzua jaso dezaten”.
- Babespeko bosgarren etxebizitzarako ekipamendurako inbertsioa handituko da.
- Zahartze aktibo atseginerako ekimenek “pisu handia” izaten jarraituko dute, “honela helduentzako dantza saioetarako baliabideak bideratu dira”.
- 80 urtetik gorako herritarrei su detektagailuak jarri eta “euren beharren diagnosia” egingo dute.
Hirigintza eta hiri-mantenua
Herriko gune ezberdinetan eta auzoetan hobekuntzak egiten jarraituko da, “herritarren beharrei egokitutako Beasain atseginago, erosoago, irisgarriago eta finean bizigarriago eraikitzen jarraitzeko. Herriko gune ezberdinak mantentzea gero eta garrantzi handiagoa du gobernu taldearentzat eta azken lau urteetan ikusi den bezala, dagoena hobetu eta konpontzen hartuko ditu lanak, lorategi, espaloi, asfaltaketa eta abar luze bat”.
Esku-hartze urbanistikoei dagokionez honako proiektuak nabarmendu dituzte:
- Dolarea parkea birgaitzeko proiektua eta Igartza Oleta kalean norabide bikoitza jartzeko lanak.
- Nafarroa Etorbidea eta Oriamendi kalearen arteko loturan irisgarritasuna bermatzeko igogailua jartzea.
- Espaloietan egingo diren beheraguneak edo hozkadurak irisgarritasuna hobetzeko.
- San Inazio kaleko eraberritzea eta Oriamendi kalea konpontzeko azterlanak.
- Erakusketa areto berri bat herriaren erdigunean.
- Bonberia eraikinaren proiektuak aktibatuta jarraituko du dantza tradizionalari lotuta.
- Kiroldegiko saskibaloi kantxaren zorua berritzea eta taberna berria kokatzeko proiektua.
- Porteria eremuko berurbanizazioak bere bidea egiten jarraituko du. Uholdegarritasun arriskuari amaiera emango dioten lanen hurrengo urratsak emango dira.
- Bernedoko aparkalekuan argiteria hobetuko da eta udalerrian toki adierazgarrienen argiztapenaren proiektuarekin jarraituko da.
- Landa ingurunean gastu aurre ikuspena, iazkoarekiko %11,4 inguru igo da, bereziki, baserri bideen mantentzerako eta auzoetako garraiorako gastu aurreikuspena handitu izanaren ondorioz.
- Elkarte eta eragileekin egiten den Mugikortasunaren mahaia sustatzeko ere inbertsioa egingo da.
- Ingurumenari lotuta, Oria ibaia balioan jartzeko helburuz ertzetik igarotzen den natur bidea edo ibilbide berdea egiteko azterlana egingo da.
- Haurren parte hartzea sustatzeko Haurren Hiria proiektua gauzatuko da herriko haurren iritzia biltzeko.
Hizkuntza eta berdintasuna “zehar lerro garrantzitsuak”
Udal gobernuaren esanetan, sail guztietan zehar lerro gisa hedatzen diren arloak dira hizkuntza politika eta berdintasuna.
- Hizkuntza politikaren alorrean %9 igo da gastua Aittu Beasaingo euskara taldearen aldeko kopuruaren gehikuntzarekin.
- Dagoeneko abian diren proiektuak indartze helburuarekin (hizkuntza errefortzurako zerbitzua euskararen erabilera indartzeko, Euskara Oinarritik Kirolean ezagutza eta erabilera sustatzeko .. ), “berrikuntza gisa, udaleku irekietarako begirale titulua eskuratzeko ikastaroa antolatuko du gobernu taldeak”.
- Bestalde, “gizarte parekideagoa eraikitzeko aurrera pausoak etengabe emanez” jarraituko du udal gobernuak. Berdintasun arloan, gastu aurre ikuspena %4,54 igo da. “Aipatzekoa, Herrilab proiektuarekin hurrengo fasean ekintza plana abian jarriko dela foru aldundiarekin elkarlanean Beasain kontziliazio erantzunkidearen eredu izateko Gipuzkoan. “Aurreko legegintzaldian gobernu taldeak egin zuen moduan, pertsonalari dagokionez teknikari baten kontratazioa aurre ikusten da sailaren plangintza gauzatzeko”.
Nortasuna eta osasuna aisian
Kulturan, Igartza Musika Beka, Igartza Musika Programa zikloak jarraipena izango dute eta dantzan.eus elkartearekin elkarlanean jarraituko da. %5,14 igoko da gastua aurre ikuspenen arabera.
- Kultur jardueretarako kopurua igoko da eta dantza tradizionalaren gaineko goi mailako ikuskizuna Loinatz jaietan antolatzeko”.
- Igartzan EHUko Uda ikastaroek jarraipena izango dute
- Liburuak kalean irakurtzeko etxolak ere jarriko dira.
- Bonberia eraikinari buruzko proiektuak aktibatuta jarraituko du dantza eta kulturaren sustapenari zuzendutako espazio bilakatzeko.
- Kirolean Euskadi Fundazioarekin lankidetza eta babesa mantenduko da txirrindularitza udalerrian sustatu eta bultzatzeko.
- Modu berean, entrenatzaileen teknifikazio eta euskalduntzerako ikastaroei ematen zaien babesarekin jarraituko da.
- Kiroldegian egingo diren inbertsio berriek ere jarraipena izango dute etengabeko hobekuntzan erabiltzaile onuradunek kalitatezko zerbitzua jasotzen jarrai dezaten.