Prest dago III. Beasaingo Motor Asteburuko egitaraua
Abenduaren 14an eta 15ean izango da. "Motorraren arlo guztietaz gozatzeaz gain, kontzientzia eta segurtasuna lantzea" dira asteburuaren helburuak.
Hirugarren urtez jarraian, abenduaren 14an eta 15ean motor asteburua antolatu dute Beasainen. Motorraren arlo guztietaz gozatzeaz gain, kontzientzia eta segurtasuna lantzea dira Beasaingo Motor Asteburuaren helburuak. Egitaraua prest dute dagoeneko, “aurreko urtetako ekintzak errepikatuz eta ekintza horietan sakonduz”. Zeharkako beste helburu bat lortzen duen ekitaldia da: “Herrikide arteko harremanak sendotzea”.
Abenduaren 14an:
Larunbata, adin guztietako jendearentzat antolatutako eguna da:
- Ibilgailu klasikoen erakusketa indar berrituta dator, munduan ezagutzen den lehenengotariko ibilgailu elektrikoa ekarriko baitute udaletxeko plaza azpira. 1890-1895 eraikitako voiturette electrique delako ibilgailu frantziarra Louvre museo ospetsuan erabiltzen zuten koadroak eta langileak garraiatzeko. Antolatzaileen esanetan, “ibilgailu esanguratsu honen inguruan sortuko dugu gure erakusketa”. Horrez gain, 1920/1930 urte inguruko ibilgailu historiko gehiago ere ekarriko dituzte. “Liburu eta ibilgailuetako pieza ezberdinak erosteko aukera ere egongo da azoka batean. Bestalde, urteetan berriagoak diren hainbat ibilgailu klasikoen erakusketa udaletxeko plazan kokatuko da, 1970/1980 ingurokoak”.
- Haurrentzat. Umeek, Gernika pasealekuko pilotalekuan, Bide heziketa ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute: “Kart elektrikoetan, errepideetako seinale, zebrabide edota oztopoen aurrean zer jarrera eduki eta zein erabaki hartu ikasiko dute”. Jolaserako Scalextric erraldoi eta auto telegidatuak ere izango dituzte. Aurten pilotalekuaren aldameneko karpa batean, motor elektrikoak ere egongo dira umeen gozamenerako.
- Segurtasunez gidatzeko ikastaroak. Segurtasunari dagokionez, aurtengoan kokaleku berria izango dute: Gernika pasealekuko frontoiaren atzealdea, aparkaleku berria. “Kokaleku berri honekin are eta garrantzia gehiago eman nahi diogu ekintza hauei”. Honela, gidabaimena aurkeztu eta egunean bertan izena emanda, segurtasunez gidatzeko ikastaroetan parte hartu ahal izango da, zirkuitu itxi batean teoria zein praktika landuz (konoak ekidin, balaztak era ezberdinean erabili, bolantea maneiatzen ikasi…). Iraultze simulagailua ere egongo da, istripu batean autoa iraultzerakoan jasandakoaz jabetu eta egoera horretan zer egin ikasteko. Istripuen ondorioz sortutako zauri edota egoerei zein erantzun eman jakiteko lehen sorospenen ezinbesteko ikastaroa ere antolatu dugu.
- Trial ikuskizuna. Bideluze plazan Trial ikuskizuna antolatu dute arratsalde-iluntze aldean. “Motorrak baliatuz zirkuitu moduko batean aurkituko dituzten oztopo guztiak gainditzen saiatuko dira pilotuak, beraien trebetasuna erakutsiz”.
- Ibilgailuak. Erauskin igoerako parte hartzaile guztien autoak Gernika pasealekuan egongo dira arlo teknikoak egiaztatzen. Honez gain Nafarroa etorbidean zehar hainbat stand eta autoz gozatzeko aukera izango da, lehiaketako motor edota autoren inguruko materiala erakutsiz besteak beste.
Abenduaren 15ean, igandean:
Igandean VI. Erauskin Igoera auto lasterketa egingo da. Irteera herrigunean izango du eta helmuga Erauskin auzoan. “Euskal Herriko zein estatu mailako pilotu onentsuenak gidatuko dute bertan , 30-35 inguru orotara”. Lau aldiz egin beharko dute 2,5km inguruko ibilbidea. “Nahiz eta txapelketako proba puntuagarria ez izan, federazioaren onespena izateaz gain, legeak ezarritako segurtasun neurri guztiak bermatuko dira”.
Igande goizean ere ibilgailu klasikoen erakusketaz gozatzeko aukera izango da, udaletxeko plaza zein plazapean.