«Etorkizuneko Ordizia eraikitzeko ari gara lanean»
Udal hauteskundeek udal gobernu aldaketa eragin zuten Ordizian. EAJri erreleboa hartu zion EH Bilduk eta ekainaren 15etik Adur Ezenarro ordiziarra da alkatea. Gustura dago kargu berrian.

Ekainaren 15etik EH Bilduren hautagai Adur Ezenarro (Ordizia, 1977) da Ordiziako alkatea, hauteskundeetan EAJk baino bozka gehiago jaso ondoren. Lanbidez arkitektoa da eta aurreko legealdian Ordiziako udaletxean oposizioko zinegotzia izan zen.
Lehenengo galdera, zer moduz kargu berrian?
Ondo! Edozein lanetan bezala, hasiera intentsoa izaten ari da, banekien horrela izango zela, baina ondo ari naiz moldatzen. Gainera oso ondo lagunduta nago. Lantalde sendoa dut, ederki babestuta sentitzen naiz.
Lan arloan ezagutzen zaitugu, baina zure afizioak zeintzuk dira?
Irakurtzea, serieak ikustea eta kirola, besteak beste. Alkate naizenetik denbora libre gutxiago dut, baina nire afizioak herrian gertatzen diren gertakizun horiekin bete ditzazket. Kirola egiteko agian ez, baina kultur ekintza asko eta oso interesgarriak daude. Lana da, baina pertsonalki asko betetzen nau.
Alkate kargua berria da zuretzat, baina politikan baduzu eskarmentua.
Aurreko legealdian zinegotzia izan nintzen oposizioan. Lau urte horiek udalaren martxaren inguruan ikasteko oso baliagarriak izan ziren niretzat, maila oso altu batetik oposizio eraikitzailea egiteko erabakia hartu genuelako.
Bestalde, lanbidez funtzionario publikoa naiz, udal arkitektoa hain zuzen. Udaletxe bateko barne funtzionamenduaren inguruan ezagutza bat banuen beraz. Bi esperientziek asko irakatsi didate.
Ekainean kargua hartu eta nola aurkitu duzu udala?
Aurrekonturik gabeko udal bat aurkitu dugu. Zalantza genuen aurrekontu proiektu osoa aurkeztu edo ez, baina azkenean teknikariek hala eskatuta, aurrekontu prorrogatuen aldaketa bat proposatu genuen. Aldaketa beharrezkoa zen, egoera ezegonkorra zelako. Aurrekontu prorrogatu batzuk desoreka batzuk sortzen dituzte. Partida batzuetan aurreikusita zegoena baino gehiago gastatu zelako. Urtea amaitu ahal izateko hori konpontzea behar-beharrezkoa zen. Lan asko egin dugu, baina txukuntze lan hori oso aberasgarria ere izan da pertsonalki eta lan taldearentzat.
Hori udalari dagokionez. Bestalde, kargua hartu eta Ordiziako Santa Ana festak gainean zeuden, abuztua ere bazetorren eta irailean, Euskal Jaiak.
Hainbat proiektu martxan zeuden eta egokitzapena lehen bailehen egin behar izan dugu, herritarrak ezin direlako zain egon. Martxan dagoen zaldi batera igo behar izan dugu beraz.
Horrez gain, azken lau urteetan inertziaz lan egin da udal honetan. Horrek etorkizunera begira erabaki estrategikoak hartzea eragozten du. Zentzu ho- rretan gauzak aldatzen joatea izango da gure helburua eta etorkizuneko iuspegi batekin.
Nola gustatzen zaizu lan egitea?
Zorrotza eta serioa naiz lanean. Baina aldi berean irekia, iritzi guztiak entzuteko prest dagoena. Ekiten ditudan proiektuak ikuspegi global batetik hartzea gustatzen zait, etorkizunera begirako ikuspegi batekin.
Udal aurrekontua aipatu duzu. Ordizia da azken lau urteetan aurrekontuak aurrera ateratzeko arazo gehien izan duen Goierriko herria.
2020ko aurrekontuaren lanketarekin ari gara. Etorkizuneko Ordizia eraikitzen hasteko aurrekontu proposamena da. Lantaldearen ideiak batzeaz gain, he- rritarren eta eragileen iritziak ere jasotzen ari gara, nahiz eta parte hartze prozesu bat bere horretan egitea zaila den jada. Helburua urte amaieran edo urtea hasi berritan onartzea da.
Majori kiroldegia hor dago.
Proiektu oso konplexua da. Oposizioan egon gineneko emaitza ere bada proiektu hori. Etorkizuneko Ordiziaz hitz egiten dugunean, adibide garbia Majori da. Hasierako proposamena zen eremu jakin batzuetan partxeak jartzea. Baina hori baino harago joan behar genuela zen gure ustea. Bideragarritasuna eta dirua kontuan hartuta, modu lokalizatuan lan egin beharko genuela bagenekien, baina hori egin baino lehen aurreikusi behar genuen proiektu osoa nola izango zen eta hori lortu genuen.
Ordiziarentzat hurrengo urteetako erronka handiena da azpiegitura mailan. Proiektu bat abiatu zen, bi fasetan, izugarrizko dirutza zelako eta orain, hasitako obra hori jaso dugu.
Gainera, aurrekontuan, klimatizazioa ez zegoen aurreikusita eta arazo hori ez da konpondu udal gobernuan sartu garen arte. Beraz, bidean aurkitutako arazoei aurre egin behar izan diegu. Une honetan, adostuta dago kontratua modifikatzea, aurrekontua igotzea eta mailegu bat negoziatzen ari gara. Lanak gelditzeko arriskua zegoen, baina azkenean aurrera jarraitzea lortu dugu. Kantxa txikia irekita dago jadam eta taberna eta gimnasioa urte hasierarako egotea espero dugu. Altamirako zelaiaren aldaketatik aurreztu dugun diruarekin, ekipamendu berria erosiko dugu gimnasiorako.
Beste inbertsio batzuk?
Batetik, Ordizia herri oso malkartsua dela kontuan hartuta, irisgarritasunaren aldetik hobetzea da helburua. Altamira auzoan igogailu bat jartzeko proposamena egingo dugu baina oraindik aztertu behar da. Bestalde, Buztuntza auzoan ere abian dugu prozesu bat, auzotarren iritziak jaso eta proposamen bat egiteko. Datorren urteko aurrekontuetan isla izango dute.
San Jose egoitza ez da udalaren eskumena, baina gai horri dagokionez zein da zure iritzia?
Gai zaila da. Udal bezala hasieratik erakutsi genien babesa langileei. Egiten dituzten aldarrikapenak ontzat ez ematea niri zaila egiten zait. Udalbatzan gaia landu ondoren, foru aldundiari egoera konpontzeko eskaera egin genion. Gatazka horren irakurketa genero ikuspegia kontuan hartu gabe ezin da egin gainera. Zaintza lanak eta emakumeak daude tartean. Beste lan gatazka bat balitz eta tartean gizonak egongo balira, aspaldi konponduta egongo litzateke. Tristea da, baina hala da! Udal ezberdinak batu eta aldundiari insistentzia handiagoarekin eskatu beharko diogu gatazka konpontzeko, izan ere lanak azpikontra- tatzen dira baina ardurak ez.
Hurrengo lau urteetarako ikuspegi orokorra zein da?
Arazoak konpondu, azpiegiturak eta baliabideak hobetu eta eragileekin elkarlanean etorkizuneko Ordizia irudikatu eta eraiki. Azken finean, herritarren egunerokoa hobetzea eta Ordiziak herri bezala nortasuna indartzea.