Bikarioetxea ireki dute
Ataunen beste biltoki bat izango da herritarrentzat, San Gregorio auzoko Bikarioetxean. Adinekoak elkartzeko lekua egokitu nahi du udalak. Biblioteka, ikasgela eta entsegu-gela atondu dituzte
Ataundar guztiek erabilgarri daukate San Gregorio auzoko Bikarioetxea. Ostiralean aurkeztu zien udalak herritarrei, eta auzorako zenbait zerbitzu jarriko dituzte, denborarekin. Ataungo Udalak 2010ean egin zuen berrikuntza obra, lehenago Elizari erosi ondoren. Irisgarritasuna hobetzeko, beheko bidexkatik elizaren eta Bikarioetxearen aurreraino igogailua eraikitzea da orain asmoa; diru laguntzak eskatuak ditu udalak.
Hiru solairu ditu Bikarioetxeak. Sarreran, adinekoentzat elkartzeko aretoa egokitu nahi dute, San Martingo Atseden Tokiren funtzioa betetzeko. Ikasleentzat ikasgela jarriko dute ondoan, bi mahairekin.
Lehen solairuan biblioteka jarri dute. Liburuak apaletan kokatzen ari dira orain. Joxemartin Apalategiren funtsa ere han dago, apalategi aparteko batean. Ataun Irratiak ere egoitza eta lokala Bikarioetxean izango ditu, hitzarmen baten bidez.
Ganbaran entsegu lokala
Bigarren solairua, teilatupea, areto zabal bat da. Otsoak dantza taldeko helduek han entseatuko dute; haurrek San Martinen jarraituko dute. Barandiaran Museoa ere espazio hura ari da erabiltzen denbora batetik hona, bisitan hartutako haurrekin jar- duerak egiteko.
Sotoan zer erabilera egin ez dute zehaztu oraindik.