Domingo Agirre eskolako bidea egiteko proiektuak jaso ditu boto gehien
Amaitu da 2020ko aurrekontu parte hartzaileen prozesua. 514 legazpiarrek parte hartu dute eta Legazpiko Udalak iragarri du zeintzuk diren datorren urtean gauzatuko dituzten sei proiektuak
Legazpiko Udalak azken urteetan martxan jarri duen aurrekontu parte hartzaileen aukeraketa prozesua amaitu da. 514 legazpiarrek parte hartu dute eta boto gehien jaso dituzten sei proiektuak iragarri dituzte jada. Denen artean Domingo Agirre eskolako igogailutik Laubide auzoko 18. atariraino bidea egiteko proiektuak jaso ditu boto gehien.
Guztira, aurrekontu parte hartzaileen bidez 300.000 euroko diru saila jasoko dute 2020ko aurrekontuek. Sei proiektu, bakoitza 50.000 eurokoa.
Irailean hasi zen prozesua, eta 46 proposamen desberdin zeuden abiapuntuan. Urrian proiektuen azterketa egin zuten udaleko teknikariek. Azaroaren 15ean itxi zuten azken bozketaren epea.
Domingo Agirreko bideaz gain, honako proiektuak gauzatuko ditu udalak: berez garbitzen diren komunak Latxartegi parkean ezartzea, Agirre Etxeberriko garajea egokitzea, Itxaropen auzoko 2-4 eta 14-17 arteko eskailerak konpontzea eta kiroldegian energia berriztagarrien sistema gehiago jartzea.
Hamar proiektutatik lau kanpoan geratu dira: Arantzazu haurreskolatik Laubidera doan espaloia hobetzea, Mirandaolako parkeko mahai gunea berritzea, San Juan auzoko espaloia konpontzea eta Urtatzako espaloia konpontzea.