Estrasburgok Espainia zigortu du Berasategiren eta Arriagaren babes helegitea ez onartzeagatik
Bi preso politiko goierritarrek Frantzian betetako zigorra aintzat hartu eta kondena murrizteko eskatu zuten, baina Espainiako Auzitegiek ez dituzte haien helegiteak onartu.
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak kargu hartu dio Espainiari, bi preso politikok jarritako babes helegiteak aintzat hartu ez dituela eta. Ismael Berasategi eta Rufino Arriaga goierritarren kasua da; biek ere, Frantzian betetako zigorrak kontuan hartuta, Espainian duten kondena murrizteko eskatu zuten, baina Espainiako auzitegiek ez dute onartu haien eskaera. Estrasburgoren arabera, Espainiak «sistematikoki» bota ditu atzera euskal preso politikoek jarritako babes helegite horiek, eta horrenbestez «bederen segurtasun juridikoaren urraketa» izan dela uste du.
Giza Eskubideen Auzitegiak ez die bide eman bi preso politiko horien eskaerari, baina onartu du ez dutela «prozesu justua» izan, eta «segurtasun juridiko falta» bizi izan dutela, helegiteak ez onartzeak «epaitegi baterako sarbide eskubidea ukatu» dielako.