Finalaurreko azken saioan 459 puntu balio du txartelak
Oiartzunen Amaia Iturriotzek seigarren egin du, lehen partaidetzan finalaurrekora iritsita. Beñat Gaztelumendi txapelduna sailkatu da finalera. Urdangarin, hurrena kantatuko duena.
Saio erabakigarri bat geratzen zaio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari, finaleko zortzikoa zehazteko. Hirugarren eta azken finalaurrekoa Tolosan jokatuko da, datorren igandean (Usabal kiroldegia, 17:00). Iban Urdangarin ataundarrak kantatuko du, Oihana Iguaran, Jon Maia, Jokin Uranga, Beñat Lizaso eta Haritz Mujikarekin batera.
Lehenengo bi finalaurrekoak jokatuta, 459 puntuk markatzen dute oraingoz sailkapenaren muga. Iñaki Apalategi beasaindarrak ezartzen du, hain zuzen, kortea. Baina zail izango du abenduaren 14an Illunben kantatzea. Tolosako saioan irabazleaz gain beste bertsolari batek puntu horiek gainditzen baldin baditu, kanpoan geratuko da. Nerea Elustondo legazpiarrak aukera handia dauka sartzeko.
Agin Laburu Arrasaten irabazle, 501 puntu eta Beñat Gaztelumendi 2015eko txapelduna Oiartzunen irabazle, 506 dira momentuz finaleko bi aulkiren jabe. Puntu-sailkapenean, Alaia Martin (493,5), Ane Labaka (472,5), Elustondo (467), Asier Azpirotz (463) eta Apalategi (459) daude baleko tokietan.
Iturriotzek bide luzea
Amaia Iturriotz urretxuarrak 6. egin du, Oiartzunen. 438 puntu batu ditu. Lehen aldiz parte hartu du Gipuzkoako Txapelketan, eta finalaurrekoraino iritsi da. 2023an, lehen kanporaketa saihestea ahalbidetuko dio.