Iñaki Galparsoro izendatu dute Ordizia Rugby Elkarteko lehendakari
Ordizia Rugby Elkartearen zuzendaritza berregituratu dute, eta bost lagun ariko dira zuzendaritzan, Galparsoro buru dutela. 2019-20 denboraldiko aurrekontua aho batez onartu dute.
Ordizia Rugby Elkarteak urteko batzar orokorra egin du, eta urteko kontuan onartzeaz gain, zuzendaritza berria ere hautatu dute. Iñaki Galparsorok hartuko du lehendakari postua, Jose Luis de Castroren tokia hartuta. Elkartearen 2019-20 urterako aurrekontua ere aho batez onartu zuten kideek.
De Castro buru zuen zuzendaritza bederatzi lagunek osatzen zuten, baina hemendik aurrera, bost lagun arituko dira lan horretan, Galparsoro buru dutela. Izan ere, zuzendaritza eredua aldatuko du elkarteak. Galparsorok gogorarazi du 30 lagunez osatutako egitura duela atzetik, eta lanerako gogoa duten guztientzat ateak zabalik dituztela berretsi zuen.
Galparsorok eskerrak eman zizikien orain arte zuzendaritzako kide izan direnei, “egindako lanagatik eta ezarritako oinarriengatik”, eta batez ere, klubean hartu dituzten erantzukizunekin jarraituko dutelako. Jose Luis Castro lehendakari ohiari ere agur berezia egin zioten, urte hauetan guztietan izan duen arduragatik.