Berroetakoek gaztandegian ondo lan egin dutela diote
Ezkioko gaztandegi honetan egindako gaztetan listeria monocytogenes bakteria azaldu da eta Osasun sailak Berroetako gazta guztiak merkatutik kendu ditu
Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak Ezkioko Berroeta gaztandegian 2019an egindako gaztak merkatutik kendu ditu, analisietan listeria monocytogenes bakteria azaldu delako. Prebentzio neurria izan da, oraingoz ez baita listeriosi kasurik azaldu gazta hori jan dutenen artean.
Berroeta gaztandegian egindako gaztak Ezkio inguruko azoketan, Gipuzkoako hainbat harategitan eta Bizkaiko harategi batean saldu dira.
Osasun sailak gaztandegi honetako gaztak etxean dituztenei salmenta puntura itzultzeko eskatu die. Bestalde, norbaitek gazta jan ondoren listeriosiaren sintomak sentituko balitu, osasun zentrora joan beharko litzateke.
Bakteriaren inkubazio epea zortzi astekoa izan daiteke, gehienez. Hori dela eta, sintomak bakteriak kutsatuta dauden jakiak jan eta aste batzuetara ager daitezke. Sintomak sukarra, buruko mina, lepoaren zurruntasuna eta giharretako mina izan daiteke.
Listeria bakteria denen ahotan egon zen abuztuan eta irailean, Andaluziako enpresa batek kutsatutako haragia saldu baitzuen.
Adierazpenak
Ezkioko Berroeta gaztandegikoek oso argi utzi nahi dute ondo lan egin dutela. «Ez dakigu jatorria non dagoen eta bilatzen ari gara eliminatzeko. Guk ondo lan egin dugu. Hartu beharreko neurri guztiak hartu ditugu, baina hala ere azaldu egin da. Haragiarena gertatu eta gero, listeriaren inguruko alarma soziala handia da eta jende asko deika ari zaigu», aipatu du Beñat Urkiolak.
Berroeta gaztandegikoek arazoa lehenbailehen konpontzea espero dute. «Larria da, baina konpondu daiteke», azaldu du Urkiolak.
Ezkioko gaztandegi honetan Idiazabal jatorri izendapena duen gazta egiten dute. GOIERRIKO HITZA Idiazabal jatorri izendapeneko arduradunekin harremanetan jarri da eta gaia Osasun sailaren esku dagoela, eta oraingoz ez dutela adierazpenik egingo esan dute.













