Gabonetako erakusleiho lehiaketan 28 merkatarik parte hartuko dute
Zortzi merkatarik ikastaro batean parte hartu dute. Erakusleihoak abenduaren 10erako prest egon behar dira. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 19an izango da, Antion
Urretxu eta Zumarragako udalek Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu dute aurten ere. Bi herrietako 28 merkatarik parte hartuko dute, iaz baino bost gutxiagok.
Erakusleihoak abenduaren 10erako prest egon behar dira eta egunero 21:30 arte argiztatuta egon beharko dira. Sariak abenduaren 19an banatuko dituzte, Antioko interpretazio zentroan.
Lau sari egongo dira. Irabazleak 200 euroko erosketa balea eta Bertatik Bertara produktuen otarra jasoko ditu, bigarrenak 100 euro eta otarra eta hirugarrenak diploma eta otarra. Gainera, epaimahaiko kideek aipamen berezi bat egingo dute. Aipamen honekin ahalegin berezia egiten duen merkatari bat sarituko dute.
Epaimahaiaren zeregina
Epaimahaia bost lagunek osatuko dute: Gipuzkoako Merkataritza Bazkundeko lehendakariak, Goierri garaiko merkataritza teknikariak, Urretxuko Udaleko arkitektoak, Zumarragako Udaleko Sustapen Ekonomiko teknikariak eta Argazkia elkarteko kide batek.
Epaimahaiko kideek irudimena, originalitasuna eta mezuaren eraginkortasuna baloratuko dituzte. Erakusleihoaren edertasuna eta Gabonekin lotura ere baloratuko dituzte. Gainera, erakusleihoetan dendan salgai dauden produktuak nagusi izan behar dira.
Lehiaketa honen helburua merkatariak erakusleihoak atontzera animatzea eta herritarrak herrian kontsumitzera bultzatzea da. Iaz 33 merkatarik parte hartu zuten, 2017an baino lau gehiagok. Lehen saria Andere ile apaindegiak irabazi zuen, bigarrena Julita mertzeriak eta hirugarrena Argikik.
Aurten ere bi udalek tailer bat antolatu dute merkatariei laguntzeko. Zortzi orduko iraupena izan du eta Marta Pinedak eman du hilaren 19tik 22ra Zumarragako kultur etxean. Ikastaroan parte hartu duten zortzi merkatariei Gabonetako erakusleihorako zuten ideia garatzen lagundu diete gainera.