Goierri Trail Kopak bederatzi proba hartuko ditu 2020an
Garingo lasterketa izango da zirkuituko lehena, urtarrilaren 19an. Berrikuntza nagusia Txindokiko Kilometro Bertikala izango da. Goierri Kopako finisherrei parte hartzea eskertzeko aprobetxatu dute ekitaldia.
2020. urteko Goierri Kopa Trail berrikuntzekin dator. Ohiko probei lasterketa gehiago gehitu zaizkie, eta bosgarren edizioak bederatzi lasterketa izango ditu guztira. Berrikuntza nabarmenena Txindokiko Kilometro Bertikala izango da. Atzo aurkeztu zuten datorren urteko edizio berria, Ordiziako D’elikatuz zentroan. Puntuagarri diren proben eta egutegiaren inguruko xehetasun guztiak eman zituzten antolatzaileek.
Proiektua lau lasterketekin hasi zen 2016. urtean. Urtetik urtera, gehitzen joan dira eta 2020an bederatzi proba izango ditu Goierri Kopak. Azken edizioan, 2019an, zazpi proba zeuden zirkuituaren barruan: Garin (Beasain), UZ Trail (Urretxu-Zumarraga), Arriaran (Beasain), Gabiria Leharrei, Segura-Zerain Sanson proba, Zaldibia eta Axari Trail (Idiazabal).
Edizio berriak bi proba gehiago izango ditu: Txindokiko Kilometro Bertikala eta Ordiziako Mendi Maratoia. Kilometro bertikalarena proba berezi bezala planteatu dute, trail eta sprint distantziarako puntuagarria izango baita. Gainera, Gabiriakoak sprint lasterketa izango du.
Trail distantzian zazpi lasterketa egongo dira eta sprintean beste horrenbeste. Gainontzeko lasterketetan postuz postu bina puntu jasoko dituzte, Txindokikoan ordea, puntu bakarra.
2020ko Goierri Koparen egutegiari dagokionez, Garingoa izango da lehena, urtarrilean. Haren atzetik etorriko dira UZ Trail eta Arriarango lasterketa, martxoan; Leharrei apirilean, Segura-Zerain eta Txindokiko Kilometro Bertikala maiatzean, Zaldibiako proba ekainean, Axari Trail irailean eta Ordiziako mendi maratoia urrian.
Aurkezpen ekitaldian, 2019 urteko Goierri Kopako finisherrei «parte hartzea eskertu» eta modu xumean bada ere, «egutegi guztia betetzeagatik errekonozimendu berezia» egin diete antolatzaileek. Barbara Martin, Olatz Azpitarte, Aitor Dionisio, Jon Mikel Mendia, Iñaki Oiarzabal, Oskar Zufiaurre, Iker Arrien, David Gutierrez, Ekhi Sukia, Joseba Barandiaran eta Andoni Lekuona izan dira omenduak.
Goierri Trail Kopa
Mendi lasterketak
· Urtarrilak 19. Garingo Mendi Lasterketa.
· Martxoak 1. UZ Trail (Urretxu-Zumarraga).
· Martxoak 14. Arriarango Mendi Lasterketa.
· Apirilak 4. Leharrei (Gabiria).
· Maiatzak 9. Segura-Zerain.
· Maiatzak 16. Txindokiko Kilometro Bertikala.
· Ekainak 20. Zaldibiako Mendi Lasterketa.
· Irailak 13. Axari Trail (Idiazabal)
· Urriak 18. Ordiziako Mendi Maratoia.