Eskubaloi derbia, senidetze eguna eta euskara bultzatzeko saioak
San Andres jaiekin batera, eskubaloi derbia jokatu zuten Legazpik eta Ormaiztegik; harrikalariak izan ziren nagusi. Zaldibiarrek senidetze eguna egin zuten Senperen. Eta Ordizian, euskara bultzatzeko saioak egin zituzten ikastetxeetan.
2004ko azaroaren 29a ekitaldiz betea izan zen Goierrin, eta horien lekuko izan zen Hitza, beste behin ere. Ormaiztegin San Andres jaietan zebiltzan, bete-betean. Odolki lehiaketa Iñaki Camposek irabazi zuen, eta sukaldaritza lehiaketa Marian Biurrunek. Egunak utzi zuen bestelako ekitaldirik ere, ordea. Legazpiko eta Ormaiztegiko eskubaloi taldeek derbi goierritarra jokatu zuten; 19-27 nagusitu ziren harrikalariak.
Zaldibiarrak Iparraldera joan ziren, Senpere herriarekin senidetze eguna ospatzera. 150 bat lagun joan ziren, dantzari, pilotari eta trikitilariak tartean. Bazkaria eta Senpereko musikarien saioa ere izan zituzten. Antolatzaileak “oso gustura” gelditu ziren, bai egunarekin, eta baita parte-hartzearekin ere.
Euskararen Egunaren inguruko ekitaldiak ere hasita zeuden, eta Maita nazazu gutxiago, goza nazazu gehiago lemapean, motibazio saioak egin zituzten hainbat ikastetxeetan, besteak beste, Ordizian. Gazteek euskararen erabileraren inguruan gogoeta egin zuten, jolasak, talde dinamikak eta bestelako ariketen bidez.