Gipuzkoako atletarik onenen bilgune izango da Oiangu Krosa, igandean
Gipuzkoako Kross Txapelketarako puntuagarria izango da Ordizian jokatuko den proba. Antolakuntzak 350 lasterkari espero ditu. Agirrezabalek Valentziako maratoia egingo du
Zerura begira ari dira Txindoki Atletismo Taldeko kideak, iganderako Oiangu Krossa antolatu baitute, Gipuzkoako Kross txapelketarako puntuagarria izango dena. Igandean goizean zehar jokatuko da proba eta antolakuntzak aurreratu du 350 bat lasterkarik parte hartuko dutela.
Iazko krossa lokazti ederrean jokatu zen. Benetako kros lasterketaz gozatu ahal izan zuten zaletuek. Aurten eguraldi iragarpena ez da hobea eta euria aurreikusten da iganderako, baita aurreko egunetarako ere. Baina lasterketa eguna iritsi arte, hori beteko den ezingo da jakin. Dena den, atletak onenak emateko prest iritsiko dira Oianguko zirkuitura.
11 lasterketa, 16 kategoria
Guztira, 11 lasterketa egingo dira 16 kategoria desberdinetan. 09:45ean, master eta 16 urtez azpiko emakumeak izango dira abiatzen lehenak. Benjamin mailako mutilak, berriz, ateratzen azkenak, 13:00etan. Senior kategoriak goiz erdialdera jokatuko dira. Emakumeak 10:40ean abiatuko dira. Haiekin batera 18 urtez azpiko mutilak, 20 urtez azpiko mutilak eta 23 urtez azpiko emakumeak aterako dira. Gizonezkoak, aldiz, 11:10ean. Txanda berean aterako dira 23 urtez azpiko mutilak ere.
Igandekoa, Irungoaren ostean, Gipuzkoako kros txapelketaren bigarren hitzordua izango da. Eskolartekoentzat, berriz, hirugarrena, Zarauzko eta Irungo lasterketen ondoren.
Valentzian maratoia
Oiangukoaz gain, beste hitzordu garrantzitsu batzuk ere badituzte Txindokiko atletek. Eneko Agirrezabal Valentziako maratoian izango da.