«Orain zeraindarren babes handiagoarekin ari gara lanean»
Aurreko agintaldian zinegotzi izan ondoren, ekainaren 15ean alkate makila hartu zuen EH Bilduko Amaia Junquerak. Gogotsu ekin dio bigarren agintaldiari ere.
Emakume batetik beste emakume batera pasa zen ekainaren 15ean Zeraingo alkate makila. Aurreko agintaldian zinegotzia izan ondoren, orain alkatea da Amaia Junquera. EH Bilduko lau zinegotzik eta Herri Kandidaturako hiruk osatzen dute Zeraingo Udala.
Lau urte zinegotzi izan ondoren, orain alkate zara. Asko aldatu al da udaleko lana?
Ez, asko ez da aldatu. Lehen ere taldean lan egiten genuen eta orain ere bai. Alkatea izateagatik leku batzuetan egon behar izaten dut eta beste lan batzuk egin behar izaten ditut, baina besterik ez, berdin jarraitzen dut. Orain ere, astelehen goizak osorik eskaintzen dizkiot udalari.
2015eko udal hauteskundeetara EH Bildu bakarrik aurkeztu zen. 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeetan, berriz, zeraindarrek bi aukera izan zituzten: EH Bildu eta Zeraingo Herri Kandidatura. % 95ek, 208tik 198k eman zuten botoa. EH Bilduk jaso zituen boto gehien.
Ia zeraindar guztiek eman zuten botoa eta EH Bilduren aukera egin zuten; aurreko agintaldiko ereduarekin eta helburuekin jarraitzea aukeratu zuten. Gure ustez ondo ari ginen lanean, eta ikusi da zeraindarrek ere horrela ikusi dutela. Orain, zeraindarren babes handiagoarekin ari gara lanean udalean.
Aurrekoaren segida izango da?
Bai, gardentasuna, parte hartzea eta berdintasuna izango dira gure ardatzak. Zeraindar guztientzat lan egingo dugu, zeraindar guztiak berdinak garelako.
Proiektuei dagokienean, aurreko agintalditik datozen bi proiekturekin jarraituko duzue? Gazteentzako eta adinekoentzako etxebizitza sozialena da bat.
Bai, maiatzerako bukatuta izatea aurreikusten dugu bioeraikuntzarekin egiten ari diren etxebizitza sozialak. Zazpi gazteri esleitu diegu dagoeneko etxebizitza eta zortzigarrena momentuz hutsik utzi dugu, adineko pertsonen bat etortzen den ikusteko; bestela, beste gazteren bati emango diogu aukera, itxaron zerrenda daukagu eta. Zazpi gazte horietako hiru Zeraingoak dira, beste bana Beasaingoa, Zegamakoa, Ordiziakoa eta Ataungoa. Oso aukera ona da emantzipatu nahi duten gazteentzat; gehienez 210 euro ordaindu beharko dute alokairua.
Etxebizitza gehiago egiteko aukera lursaila ere badauzue.
Bai, udalarena da eliza atzeko lurra, eta beste zazpi etxebizitza eraikitzeko aukera dago.
Bigarren proiektua, Aizpeako labeak konpontzea da. Madrilgo Sustapen Ministerioak diruz lagunduko du.
Azkeneko izapide administratiboetan ari gara. Apiril aldera lanak hastea aurreikusten dugu.
Aurreko agintaldian esku artean izan zenuten hirugarren proiektua Errementari eta Serorategi etxeena izan zen.
2011n erosi zen eta 2011-2015 agintaldian bi milioi euro pasako aurrekontuko proiektua egin zuten; aurreko agintadian proiektu berria egin eta guk milioi bat pasara jaistea lortu genuen. Hala ere, diru asko da hori guretzat eta beste erakunde batzuen laguntza beharrezkoa izango da. Oso egoera txarrean daude, erortzear daude eta ingurua itxi egin dugu eta trasteak ateratzen ari gara.
Behin konpondutakoan, zertarako erabiliko dituzue?
Udaletxea bertara eramango dugu, eta mediku kontsulta ere bai. Bestalde, Zerainen ez daukagu erabilera anitzeko areto handirik eta bertan jartzea aurreikusten dugu. Bestalde, oinarrizko produktuak eta Zerainen eta Goierrin ekoitzitako jakiak eta artisau lanak saltzeko denda ere jarriko dugu. Taberna eta elkartea ere bertan joango lirateke. Hiru apartamentu egiteko aukera ere badago. Lortzen dugun diru laguntzaren arabera erabakiko dugu turismora edo etxebizitza bezala bideratzea.
Turismoa aipatu duzu. Aldaketak izan dira turismo zerbitzuan.
Aldabek utzi egin du eta orain udalak beregain hartu du kudeaketa. Joseba Gartzia hasi da lanean, formazio duala egiten ari da eta lankidetzan kontratatu dugu. Orain arteko ildotik jarraituko dugu turismoaren eskaintzarekin. Mandioa denda berrantolatzen ari gara, eta aterpetxeari ere txukundu bat emango diogu. Udaberrirako erreserbak jasotzen ari gara dagoeneko.
Bestalde, Mandio tabernak terraza itxi du.
Bai, Mandioaren ardura dutenen eta udalaren artean sinatutako hitzarmenari esker, Mandioko terraza itxi da. Neguan ere erabili ahal izango dira terrazako mahaiak. Beheko sua ere jarri dute eta arrakasta izaten ari da.
Hezkuntza proiektuari dagokionean, 0-8 urte artekoa bermatzea duzue erronka.
Bi urte eta erdian itxita egon da haur eskola eta urtarrilean berriz irekiko dugu hiru haurrekin; laugarrena zalantzan dago. Honela, 0-8 urte arteko eskaintza izango dugu Zerainen bertan. Hala ere, Zerainen urte gehiagora arteko eskaintza izatea nahi dute gurasoek, eta eskari hori egin diogu jaurlaritzari. 12 urtera artekoa ezin bada, 10era arte behintzat izatea. Esperantza daukagu, Hezkuntza Sailak datozen lau urteetako plan estrategikoan eta inbertsioan sartu baitu Zerain.
Antolaketari dagokionean, hi- ru batzordeetan jarraituko duzue lanean.
Bai, Herri bizitza batzordea, Zerbitzuak, azpiegitura, hirigintza eta ingurumena batzordea, eta Tokiko garapena. Aurre agintaldian oso ondo funtzionatu zuen, jende askok hartu zuen parte, eta orain jende gehiago hasi da batzordeetara etortzen, «anitzagoak» dira. Elkarri neurria hartzen ari gara. Batzuei kostatzen ari zaie emaitza eta egoera berria barneratzea, baina pixkanaka ea konfiantza giroa berreskuratzen dugun, elkarbizitza hobetzeko.
Oposizioarekin nolako harremana izatea gustatuko litzaizuke?
Oposizio eraikitzailea egitea gustatuko litzaidake. Herritarrek osatu eta babestu duten herri programarekin bat egin eta lan egitea gustatuko litzaidake.