Subeltza Eguna egingo dute bihar, oraingoan Gaztetxean, gauez soilik
Kontzertuak 22:00etan hasiko dira. Butch, Rude Ska, The Nekrobabies eta Kontuz Erromeriya taldeek joko dute. Lau taldeak Subeltza kolektiboko kideak dira
Subeltza Eguna ospatuko dute bihar Legazpin. Iaz ez bezala, kontzertuak Gaztetxean egingo dituzte, 22:00etan hasita. Aurten talde gutxiagok parte hartuko dute, eta kontzertuak Gaztetxera eramateaz gain, gauez baino ez dira izango. Lau taldek joko dute, guztiak legazpiarrak eta Subeltza kolektiboko kideak.
Butch, Rude Ska, The Nekrobabies eta Kontuz Erromeriya taldeek joko dute. Butch taldearen bigarren kontzertua izango da biharkoa. Folk eta rock and rolla egiten dute, eta kalean jotzeko bokazioz sortutako taldea da. Hurrengo urtean kaleratzeko maketa bat prestatzen ari dira.
Rude Skak, izenak dioen bezala, ska musika egiten du. Aurten sortutako taldea da, nahiz eta aurretik hainbat konbotan aritu diren partaideak.
The Nekrobabies biharko kontzertuko talde beteranoena da, 2010ean sortutakoa. Punk rocka, Eskandinaviako rocka eta hard rocka nahasten dituzte. Iraupen luze eta laburreko bost lan argitaratu dituzte.
Subeltza, 2008tik
Kontuz Erromeriya gazte kuadrilla batek eratutako taldea da, ondo pasatzeko grinaz sortua. Euskal doinuak rockarekin uztartzen dituzte. Biharkoa taldearen hogeigarren kontzertua izango da.
Bikuñako musika lokaletan entseatzen dute guztiek. Lokal horiek udalak eman zituen sormena eta adierazpena lantzen duten musikarientzat, baldintza batekin: gutxienez bi urtean behin kontzertu bat antolatu behar dute taldeek, eta ahal dela urtean behin kontzertu bat.
Azken urteetan urtero egin dute Subeltza Eguna. Kolektiboko kide Edu Gilen hitzetan, «oraingoan talde gutxiagok parte hartuko dute, hainbatek aurrez biharko egunerako kontzertuak lotuta zituztelako. Horrez gain, ez da erraza taldeak elkartzea».
Bikuñako musika lokalak erabiltzen dituzten musikariak 2008an elkartu ziren lehenengo aldiz, eta bederatzi hilabete beranduago egin zuten lehenengo kontzertua. 2016an Subeltza CDa grabatu zuten, udalak finantzatuta. Bederatzi talderen abestiak jaso zituzten. Talde gehienek euren lanak argitaratu dituzte, zenbaitek Legazpiko Udalak emandako diru laguntzei esker.