Beasaingo La Sallen gaur hasi dira Euskararen Eguna ospatzen
Bihar, goizean, eskuz esku pasatuko duten kaxako mezu sekretua irakurriko dute.

Beasaingo La Salle ikastetxean, Euskararen Egunaren bezperatik hasi dira ospatzen. Mailaz maila, hainbat ekintza burutu dituzte La Salleko ikasleek egun osoan. DBHko ikasleek esate baterako, Mintzodromoa egin dute eskolako patioan; lehen hezkuntzakoek jaialdia egin dute aretoan; eta txikienek, kantuan eta dantzan aritu dira San Inazio kaleko patioan.
Bihar, berriz, ekintza sinboliko bat egingo dute 10:45ean, eskolako atarian. Ikasle guztiek hartuko dute parte: “E letra irudikatuko dute denen artean eta eskuz esku kaxa bat pasako dugu. Erronka izango da 2 minututan pasatzea esku guztietatik”. Amaieran, kaxa barruko euskararen aldeko mezu sekretua irakurriko dute.








